Mobilizazioak deitu dituzte “Osakidetzaren egoera larria” salatzeko

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 11a, 17:39

Osakidetzaren gainkarga eta utzikeria salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte eguenerako, urtarrilaren 13rako, anbulatorioen aurrean. 13:00etan da deialdia. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute deialdia eta besteak beste, Debabarreneko pentsiodunen mugimenduek babestu egin dute protesta. Bestalde, urtarrilaren 23rako manifestazioak deitu dituzte.

Protesta deitu duten sindikatuek salatzen dutenez, joan den abenduaren 22an anbulatorioen aurrean protesta egin zutenetik, “okertu” egin da Osakidetzako langileen egoera: “Lan-talde eskasia hain da nabarmena, non Osakidetzak, besteak beste, COVID auto-testa egitea ezarri duela, hau da, paziente bakoitzak bere lagina jasotzea, zeregin hori egiteko behar adina profesional ez dagoelako”. 

Gaineratu dute oraingo egoera ez duela pandemiak eragin, baizik eta egiturazko arazoa dela: “Egungo osasun-krisiak larriagotu egin du, are gehiago, egiturazkoa eta pandemiaren aurrekoa den egoera. 2019an, lehen arretako langileek hiru greba egun egin zituzten garai hartan bizi zuten egoeraren larritasuna salatzeko. Gaur egun, bi urte geroago, egoerak okerrera egin du”. 

Salatu dute Osakidetza ari dela pandemia aitzakia moduan erabiltzen “murrizketa gehiago” egiteko eta diote horri gehitu behar zaiola dagoen “planifikazio, antolaketa eta inbertsio falta”. 

Baldintza eskasak

Adibide modura, gogora ekarri dute, besteak beste, orain dela bi hilabete eskas Osakidetzak erabaki zuela 4.000 langileren kontratua etetea, plantillaren behin-behinekotasun-tasa % 60koa dela; txertaketa- eta miaketa-ekipoak desegin dituela; bajak, oporrak eta bestelako absentziak ez direla ordezkatzen, ZIUetako geroago eta tentsionatuago daudela, hango lan-kargak nekagarriak direla eta besteak beste, kutsatzeak gora doazenean, lehen arretako zentroen ordutegiak murriztea erabaki zuela. 

Eta azpimarratu dute “egoera kezkagarria” izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez duela urratsik egin “aipatutako arazo larriak konpontzeko”. Diru kontuei erreparatuz, diote 2022rako aurrekontuan aurreikusten den osasun arloko inbertsioan “2021ean benetan gastatutakoa baino 16 milioi euro gutxiago gastatzea ekarriko duena”.

Bi mobilizazio

Horregatik guztiagatik deitu dituzte datozen asteotan bi protesta. Bata eguenean, 13:00etan, anbulatorioen aurrean elkarretaratzea egiteko. Eta bestea urtarrilaren 23an izango da. Euskadiko hiru hiriburuetan deitu dituzte manifestazioak. Gipuzkoaren kasuan, 12:00etan abiatuko da Donostiako Boulevardetik.