Etxearen pareta pusketa bat behera

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 11a, 14:37

Jausitako pareta pusketak lurrean, hesiz inguraturik.

Atzo, astelehena, Errabal kaleko 11. zenbakiko etxearen pareta pusketa bat jausi egin zen. Bidean, argindarraren kablea harrapatu zuen eta hura zintzilik geratu zen. Une horretan, zirkulazioa etenda geratu zen, harik eta argindarraren kablea kendu eta gorago lotu arte. Zorionez, jausitako pusketek ez zuten kalte pertsonalik eragin.

Udaltzaingoak emandako xehetasunen arabera, atzo,14:00ak bueltan jausi ziren paretako adreiluak Errabal kalera. Zorionez, une horretan ez zen inor pasatu eraikinaren azpitik. 

Hori bai, bertan dagoen argindarraren kablea azpian harrapatu eta hura ere behera etorri zen. Kablea berriro ere kateatu bitartean, etenda geratu zen zirkulazioa, besteak beste, autobusa pasatu ezinda zebilelako. Udaltzainak kateatu zuen kablea eta hantxe dago, balkoiari lotuta. 

Orain, jausi den pareta zatiaren beheko aldea hesiz inguratuta dago, inor ez dadin bertatik pasa. Horrekin batera, Udalak etxe jabeari ohartarazi dio eraikinak EITa (Eraikinen Azterketa Teknikoa) pasatu beharra duela eta horrez aparte, konponketa egin dezan errekeritu dio.