Hasi dira Gabolats konpontzen

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 11a, 11:10

Langilea baldosak apurtzen, kentzeko.

Hasi dira Gabolats kaleko konponketa-lanak egiten. Egunotan, kalearen erdiko aldeko baldosak kentzen ibiliko dira Construcciones Echaide enpresako langileak. Asmoa da berriak ipintzea. Horren ondoren zolatze-lanak egingo ditu Asfaltos Alaveses enpresak. Gabolatseko lanak bukatu ondoren, Santa Ana eta Erregetxe asfaltatzen hasiko dira.

Gaur goizerako dagoeneko kenduta zituzten Gabolats kalearen erdiko aldeko zenefako baldosen erdiak. Construcciones Echaide enpresako langileen asmoa da baldosa guztiak “ahalik eta lasterren” kentzea.

Lanak egin bitartean, Gabolats kalea itxita izango da zirkulaziorako. Bertatik pasatu ahal izango dira bakarrik inguruan garajeak dituztenak. 

Ondoren, asfalto berria

Izan ere, apurtutako baldosak kendu ondoren, Asfaltos Alaveses enpresa zolatze lanak egiten hasiko da. Lehenengo Gabolats asfaltatuko du eta horren ondoren, Santa Ana kalearen zati bat eta Erregetxeko beste zati bat. Baina, lan horiek egiteko eguraldi sikua behar denez, horren arabera joango dira lanekin aurrera egiten.

Guztira, 46.000 euroko aurrekontua izango dute konponketa eta asfalto lan guztiek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.