Atzo ezkero, Deba ibaia handi-handi dator, azken orduotan euri zaparrada handiak bota baititu, batik bat, domekan. Euri jasen ondorioz, atzo goizean, trabatu egin zen San Martzialetik behera datorren errekastoko ubidea, saihesbideko lur-jausiaren harriengatik eta lokatzarengatik.
Ura errepideraino irten zen eta zubira zetorrela ikustean, auzotar batek Ertzaintzari abisatu zion. Ertzaintzak, berriz, suhiltzaileei eman zien egoeraren berri eta atzo 08:00-09:00ak inguruan bertaratu ziren, errekastoaren ubidea trabaz garbitzera.
Bestalde, bart gauean, urak gainezka egin zuen Mendizabaleneko zubian, baina ez zuen eragozpenik sortu eta goizerako ibaiaren emaria txikiagoa zenez, dagoeneko ura bere bidetik doa eta errepidea normal dago zabalik.
Bestelako gertakariei dagokienez, berriz, bidegorrian, Zuloaga inguruan ur-putzuak sortu dira, baina han ere ez dago aparteko eragozpenik eta osterantzean lur-jausi txiki bat gertatu da Sagar Errekan.