Gaur arratsaldean, Euskal Herriko hainbat hiriburu eta herritan egin duten bezala, manifestazioa egin dute Soraluzen ere, "euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko". Ehun eta hogeiren bat herritarrez osatutako martxa arratsaldeko bostetan abiatu da Plaza Zaharretik eta herriko kale nagusiak zeharkatu ditu Elkarbizitzarako bidean presoak etxera leloa zeraman pankarta eskutan.
Manifestazioaren ostean, Ikerne Laskurainek eta Suar Aizpuruk Sare Herritarraren mezua irakurri dute. Bertan, 2021ean zehar "urte luzez esperotako aldaketaren lehen zantzuak ikusten hasteko aukera" izan dela adierazi dute baina ohartarazi dute oraindik euskal presoen %50a Euskal Herritik kanpo dagoela, 3. gradua eskuratzea galarazten dien "blokeo sistemiko" bat dagoela indarrean eta "larriki gaixo diren" 19 preso jarraitzen dutela espetxean. Horren aurrean, "salbuespenezko espetxe politika, bere ertz guztiekin eta gehiago luzatu gabe, bertan behera uzteko aldarria" egin dute eta herritarrak gonbidatu dituzte bide horretan bidelagun izatera: "Jarrai dezagun pausoka, elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean. Elkarrekin, lortuko dugu".
Ekitaldia Eneko Beretxinaga bertsolariak kantatu duen bertsoarekin amaitu da.