50 urte angulatan

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 8a, 09:01

Maudilio eta Maider Castro eta Ibai, Maiderren semea. Argazkiak: Fernan Oregi.

Castro familia eguraldiari eta itsas-mareei begira bizi da hilabeteotan. Angula garaia bukatzear dago eta angulariak dira Maudilio aita, Maider, Maikel eta Kaiet anai-arrebak eta Ruben suhia. Azaroaren 15etik urtarrilaren 31ra arte dute angulari lizentzia erabiltzeko baimena. Denbora labur hori ahalik eta gehien aprobetxatzen ahalegintzen dira. 

Maudilio Castro erretiratuta dago eta gauero joaten da Debako itsasadarrera: "Ez dut beste zereginik eta gauero joaten naiz. Ez bada angularik irteten, ba beste zerbait egiten dut, adibidez, lupiak arrantzatu. Lupiek angulak jaten dituzte eta sasoi honetan, haiek ere doaz itsasadarretik gora, beraz, lupiak harrapatzeko sasoi ona da". 

"Besteok ahal dugunean eta momentu aproposa dela uste dugunean joaten gara", gaineratu du Maider Castro alabak. 

Baldintza gogorrak bete behar

"Marea igo arte egoten gara. Sei ordu han, gehi ordu bat lehenago lekua hartzeko"

Izan ere, angulak harrapatzera ezin da norberak nahi edo ahal duenean joan. Baldintza benetan gogorretan jarduten dute angulariek. Aingiren kumeak ilunetan, ahalik eta eguraldirik txarrenarekin, ilberrian eta marea baxuarekin, igotzen ari den bitartean harrapatu behar dira. Gainera, jardunaldi luzeak egin behar izaten dira: "Marea igo arte egoten gara. Sei ordu han, gehi ordu bat lehenago lekua hartzeko. Hori bai, batzuetan hara zoaz, marea erdi itxaroten duzu eta ikusten baduzu ez dela angularik irtengo, joan egiten zara", kontatu du Maiderrek. 

Asko lizentzia barik

Gaur egun, Gipuzkoan, Deban, Urolan eta Orian arrantzatzen dira angulak. Castrotarrek Deban arrantzatzeko lizentzia dute. Han, debekatuta dago txalupetatik arrantzatzea, beraz, itsasadar bazterretatik arrantzatzen dituzte angulak, kalatokietatik, eskuz, zetabearekin. Debako kalatokiak zehaztuta daude, gutxi-gorabehera. Han, zazpi dira legezkoak: "Futbol-zelaitik gora dagoen trenbidearen zubipetik, Mutrikurako bide inguruko ortuetaraino egoten gara angulak harrapatzen. Banaka joaten gara. Baina lekua beste norbaitekin konpartitu ahal duzu. Halakoetan, angulak harrapatzeko zetabea txandaka botatzen dugu. Gaur egun, Deban, jende gehien egon izan denean, 150 arrantzale inguru egon izan gara. Baina, esan beharra dago horietatik 75 bat lizentzia gabekoak direla. Deban, guztira, 180 lizentzia pasa daude angulak harrapatzeko eta urtero berritu behar dira, bestela lizentzia galdu egiten da eta ezin da berreskuratu, jada ez dute lizentzia berririk ematen". 

Zenbat eta eguraldi eskasagoa, hobe

Uretako botekin, uretako arropekin eta frontalarekin jantzita arrantzatu behar izaten dute angulariek. "Frontala zetabean zer harrapatzen duzun ikusteko da, bestela, argi gabe egoten gara", dio Maiderrek. “Beste guztia euriarengatik da. Busti-bustita egoten gara. Nik, adibidez, mugikorra autoan lagatzen dut, ez bustitzeko”.

Izan ere, kasu honetan, eguraldi txarra angularien lagun bilakatzen da: "Botaldiko 20-30 angula harrapatzen ari zarenean ekaitza baldin badator haize, txingor eta guzti, 20-30 angulaharrapatzetik 80-100 harrapatzera pasatzen zara" kontatu du Maudiliok.

Gau bakoitzean 100-200 gramo

"Tiraldi onak dira angulak elkarri kiribilduta azaltzen direnean, baina hori, asko jota, urtean behin bakarrik gertatzen da"

Zetabea bota eta atera eta haren sarean geratzen diren angulak etxera. Horixe da angularien jardutekoa, angulak botaldika ateratzea: "Ni bota eta bota ibiltzen naiz, nahiz eta banaka batzuk besterik ez harrapatu, gero horiek arrantzarako erabiltzen ditut. Adibidez, gau batean gerta liteke tirada baten 10 angula bakarrik hartzea. Hori oso gutxi da. Tiraldi onak dira angulak elkarri kiribilduta azaltzen direnean, baina hori, asko jota, urtean behin bakarrik gertatzen da. Normalena da egun txar batean, tiraldi batean 4-5-6-10 angula ateratzea. Merezi duen tiraldi bat, berriz, izango litzateke etengabe tiraldiak egiten 30 gramo baino gutxiago ateratzen denean tiraldiko. Aldiz, gau on-ona da horrenbeste angula dagoenean ezen eskukadaka ateratzen dituzula, akaso 100 gramo. Hori pasa daiteke denboraldi bakoitzeko gau bakarrean. Nik 2019an egun on bat izan nuen, hori bai, ondo ahaleginduta. Gaur egun, gau on batean, kilo bat kilo eta erdi harrapa dezakegu".

Gau bakarrean 9-10 kilo

Maudiliok ere ondo gordeta du buruan bere gaurik onenetariko bat, gutxi izaten diren horietakoa: "Behin Maikelekin joan nintzen baten, angula mordoa ateratzen hasi ginen. Kaxatik irten eta guzti egiten ziren. Bien artean, 9-10 kilo angula harrapatu genituen. Gu Gabonetan, janda gaude angulak bazkaltzeko eta angulak afaltzeko. Baina bestela, gau normal batean 100, 150, 200 gramo hartzen ditugu eta etxeko bizitokian mantentzen ditugu. Horrela beti dugu angula arrantzarako erabiltzeko prest eta jateko ere, gehiago gustatzen zaigu angula freskoak jatea". 

Aitarengandik

Castrotarrei Maudilio aitarengandik datorkie arrantzarako zaletasuna. Baita angulak harrapatzekoa ere. Berez, barruko aldeko herri batekoa (Yugueros, Leon) da Maudilio baina kontatu duenez, beti ibili izan da arrantzan: "Nire jaioterritik gertu erreketan arrantzatzen nuen eta hona etorri nintzenean itsasoan arrantzatzen hasi nintzen. Kainaberarekin hasi nintzen eta angulariak ikusi ondoren, neuk ere probatu nahi izan nuen angulen arrantza. Horrela hasi nintzen".  

Maudilio hasi eta gero, seme-alabak gehitu zitzaizkion. "Ni 12-13 urterekin hasi nintzen aitarekin", dio Maiderrek. Kontatu duenez, gainera, anguletan dabilen neska bakarrenetarikoa da. Gaur egunera arte, beste emakume bakar batekin elkartu da arrantzan.   

Akaso, azken angulariak

Castrotarrek barru-barruan daramate, bada, arrantzarako zaletasuna, baina batik bat, angulak arrantzatzekoa. Kezkaz ikusten eurak moduko angularien etorkizuna. Izan ere, gaur egun, ziurgabetasun egoeran bizi dira angulak modu ez profesionalean harrapatzen dituzten arrantzaleak, modu errekreatiboan (laket-arrantzan) harrapatzen dituztenak, alegia. 
Are gehiago, akaso, Castrotarrak eta haiek moduan angulak laket-arrantza baliatuta harrapatzen dituztenak azken angulariak izango dira. 

"Angularien Elkartetik ohartarazi dute akaso angulak harrapatzen segitzeko profesional bilakatu beharko garela, autonomo egin eta gero kupoak ipiniko lituzkete"

Espeziea asko gutxitu da azken urteotan. Urteak dira Eusko Jaurlaritzak ez duela haiek arrantzatzeko lizentzia berririk ematen eta Europak angulak harrapatzeko dauden baimenak kentzea eta angula babestutako espezie bilakatzea nahi du. Aurten, adibidez, euskal angulariek justu-justu lortu dute arrantzarako baimena, Maider Castrok kontatu duenez: "Aurten, Eusko Jaurlaritzak ez zuen baimenik eman nahi. Angularen arrantza debekatzen lehen gorbenua izan nahi zuen. Angularen kostera kendu nahi zuen. Horri aurre egiteko, inguruko angularien artean Euskadiko Angularien Elkartea sortu genuen. Gure ustez, baztertzailea da Jaurlaritzaren erabakia. Europak oraindik ez du debekurik eman. Asturiarrek, kantabriarrek eta frantsesek arrantzatu ahal dute eta guk ez? Iaz ere ez zen lizentziarik eman, pandemiarengatik. Azkenean, aurten, elkarte sortu-berriaren indarrari esker, lortu ditugu lizentziak. Hemendik aurrera, berriz, ikusi egin behar. Elkartetik ohartarazi dute akaso angulak harrapatzen segitzeko profesional bilakatu beharko garela, autonomo egin eta gero kupoak ipiniko lituzkete. Hori bai, gero eskubidea izango genuke lonjetan angulak saltzeko izan ere, laket-arrantzan harrapatzen diren angulak saltzea debekatuta dago, nahiz eta Debako jatetxe pare batean saltzen dituzten bertako angulak. Halakoak ez badituzte kontrolatzen, ez dutelako nahi da".

Ganadua elikatzeko

Angulen gutxitzearen adibidea badakar Gipuzkoako Foru Aldundiak. Jasota duenez, 1908an Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zen artikulu batean, Telesforo de Aranzadik honako hauxe dio XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran harrapatzen zen angula kopuruari buruz: "Angula hain ugaria da, non opilak egiteko eta ganadua elikatzeko ere erabiltzen den". 

Kontsumoa eta prezioak gora

Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, hemen, joan den mendeko 70eko hamarkadatik aurrera handitu zen angulari kopurua, batez ere estimu gastronomikoa handitu zelako eta jatetxeetan luxuzko platertzat hartzen hasi zelako; orduan hasi ziren angulen prezioak garestitzen. Ondoren, 80ko hamarkadan, Frantziako hego-mendebaldeko arrantzaleak angulak japoniarrei saltzen hasi ziren, eta ondorioz, prezioak eta kontsumoa biak handitu ziren asko. 

Furtibismoa, kutsadura…

"Gure ustez, angulak gutxitzearen benetako arazoa arrantza furtiboa eta larregiko arrantza dira"

Edozelan ere, Castrotarren ustez arrazoi asko daude angulak gutxitzeko, furtibismoa, kutsadura, klima aldaketa, larregiko arrantza, txori harrapakariak… "Gure ustez, angulak gutxitzearen benetako arazoa arrantza furtiboa eta larregiko arrantza dira. Lizentzia gabe dabiltzanak ez dituzte behar den moduan kontrolatzen. Aurten Seprona hasiko da zeregin horretan eta espero dugu kontrol hobeak egitea. Kupoak ere ipin daitezke, baina denondako. Dena den, Deban oso angula kopuru txikia harrapatzen da, biologoen esanetan, sartzen den angula kopuru osoaren %10-%12a bakarrik. Txori harrapakariek, adibidez, angula mordoa jaten dituzte. Halako batek 2 kilo arrain inguru jaten ditu egunero. Txori mota horiek (ubarroiak, koartzak…) lehen ez ziren gure ibaietan geratzen eta gainera azken urteotan nabarmen ugaritu dira. Bestalde, ibaien egoerak ere eragiten du angulen gutxitzean. Kutsadurak (ibaikoak, fabriketatik eta ortuetatik datorrenak), araztegiek, presek… eragotzi egiten dute angulak haztea. Baina arazoa ez gara gu. Beste detalle bat. Aitaren bizitokia martxora arte izaten dugu piztuta. Gero, geratzen diren azken 150-200 angula gramoak ibaira soltatzen dituzte nire lobek. Horregatik daude hemen angilak. Orain, ur-saltoekin angilak ezin dira honaino iritsi, hemen daudenak guk askatutakoak dira", azaldu du Maiderrek.