ELKARRIZKETA

"Saioa edozeinentzat da atsegina eta sorpresazkoa ere izango da, horko hotsak ez baitu zerikusirik kalean entzuten den txistuarekin"

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 6a, 13:00

Jose Inazio Ansorena txistua jotzen. Argazkia: Euskonews.

Zapatuan, Euskal Danbolinaren Aroak diskoa aurkeztuko dute Herriko Antzokian Jose Inazio Ansorena Piter txistulari katedradunak eta Joserra Senperena goi mailako piano-joleak. 19:00etan da kontzertua eta sarrerak Iratxo goxo-dendan daude salgai, 5 euroan. Bi musikarien ekimena “saio pedagogiko, aldarrikapen historiko eta esperimentazio garaikidea” dela deskribatzen du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak. Ansorenak zehaztu du ekimenak edo kontzertuak, batik bat, dibulgazioa duela helburu. 

Zer nahi duzue erakutsi lan honekin?

Gehiago du dibulgaziotik. Laster izango dira 50 urte pasa txistulari naizenetik; beste asko egin ditut musika tresna horren inguruan lanean, lehenagoko zaharren kontuak batu, danbolinaren paperak bildu, haiek aztertu, antzeko instrumentuen parekoak bilatu beste kulturetan… Tresna bera, XIII. mende inguruan asmatutakoa da.

Oraingo txistuari lehen danbolina esaten zitzaion, ala?

"Europa osoan azaltzen dira danbolinteroak eta arrakasta handia izan zuten" 

Musika trena bikotea da danbolina, esku bakarrez jotzen da txilibitua eta bestea libre duzu danbolina jotzeko. Horregatik deitzen zaio danbolina bi instrumentuei. Hori Europa osoan ematen da. Europan asmatu zen tresna bikote hori, XII. mendera arte ez da inon azaltzen eta XIII. mendean, berriz, leku guztietan aipatzen hasten da, tapizetan, kapiteletan, bitxiak gordetzeko kutxetan… Europa osoan azaltzen dira halako musikariak eta arrakasta handia izan zuten. Azken batean, dantzarako erritmoak izaten ziren, merkea zen… Danbolinteroen dantza asko daude Europa guztian. Noski, Europatik kanpo ere zabaldu zen, Amerikan-eta.

Gero, gorabeherak izan zituen eta leku bakoitzean historia, garapen bat edo beste izan zuen. XV. mendean, adibidez, indar handia du leku guztietan, baina hortik aurrera desagertu/makaldu egiten da. Batzuetan jende xehearen artean kokatzen da (villanos), beste leku batzuetan, berriz, errotu egiten da.

Gaur egun, adibidez, Katalunia hartuta, han flaviola jotzen dute; Kantauri itsaso aldean, ia galdu egin da, eta, aldiz, Extremaduratik Huelvaraino indar handia du.

Eta Euskal Herrian?

Euskal Herrian, txistua deitzen dugun horrek bere itxura berezia du. Tamaina handiago du, danbolina txikiagoa da… Hori mamitzen da XVIII. mendearen amaieran, Euskal Ilustrazioaren eskutik. Haiek nahi zuten domeinatu herri tradizioa, jarri modu arrazionalean. Bergarako Seminarioan moldatu zuten tamaina eta beste. Hor danbolintero profesionalak daude, Baltasar de Mantelli oso famaduna da, adibidez, kanpotarra, baina Seminarioko irakasle zen.

"Soldadu aldra horiek Europako modak dakartzate: baltsak, polkak, mazurkak… eta danbolinteroek bere egiten dituzte"

Gaur ezagutzen dugun txistua da Europako danbolinaren aldaera. Baina izena geroxeago gertatuko zen. XIX. mendea oso nahasia da Euskal Herrian. Gerra asko daude, Karlistadak, San Luisen Ehun Mila Semeak, Napoleon hemendik pasatzen da… horiek gauza asko dakartzate. Soldadu aldra horiek Europako modak dakartzate: baltsak, polkak, mazurkak… eta danbolinteroek bere egiten dituzte. Azken batean, gehienak dira musikari profesionalak eta nahi dute hortik dirua atera eta jendearen gustuak kontuan hartu behar dituzte.

Baina XIX. mendearen amaieran, moda berriak eta tresna aldetik ere bestelako tresnak hasten dira sortzen: esku soinuak, gitarrak, fanfarreak… eta orduan makalduta geratzen da. Lehengo zen instrumentu erregea. Makaltze horrekin, musikari gutxiago daude jotzen, daudenak eskasagoak dira, tresnak ere bai…

Gainera, lehenago erabiltzen zen tonu bat kalean jotzeko (tonalidad brillante) eta beste bat leku itxietarako. Baina txistua aparkatu zenez, geratzen da tonalidad brillate horrekin eta zailagoa da uztartzea beste tresnekin eta gero eta baztertuago gelditzen da.

"Abertzalismoaren eskutik txistua bilakatzen da euskalduntasunaren ikur"

Aldi berean abertzalismoa sortzen da, liberalismoaren parean, karlismoaren eskutik. Haiek hartu zuten txistua eta bihurtzen dute euskalduntasunaren ikur. Adibidez, Santa Kruz apaizaren sekretarioak kontatzen du memorietan, apaizak herri bat hartzen zuenean, gazteei bakarrik lagatzen ziela dantza egiten bere danbolinteroarekin.

Bada, ikur bihurtzen da eta hori da gainbizitzeko modu bat baina baita ere muga bat. Gero, 1926-27an sortzen da Euskal Herriko Txistularien Elkartea eta horrek paradigma aldatzen du, Hortik aurrera hasten dira musikari handiekin berba egiten obra berriak sortzeko, Aita Donostia, Jesus Guridi, Pablo Solozabal… hasten dira txisturako piezak idazten. Hor aldatzen zaio izena: danbolinterotik txistulari izatera pasatzen da. Polemika eta guzti. XX. mendean, berriz, txistua erakusteko eskolak sortzen dira.

Danbolinaren/txistuaren ibilbide hori ezezagun samarra da, ala?

Gure tresnak ibilbide historikoa badu. Arakatuta eta konprobatuta dago. Baina hori ez du ia inork erakusten. Ni karreraren amaierara iristen ari aiz eta nahi nuen hau laburbildu eta dibulgazio lan bat egin. Ilustrazioaren aurreko itxuran jotzen ziren doinuetako batzuk baditugu, Iztuetak argitaratutakoak. Soinu zahar horiekin hasten gara. Gero Ilustratuen lehendabiziko aztarnekin hasten gara (Humboldti bidalitako txosten batean ikusten da partitura aldaketa)… Etapa bakoitzeko doinuak hartu eta egokitu egin ditugu.

"Errepertorio handia bildu dut eta nahi dut erakutsi horrek baduela bere balio musikala eta artistikoa eta balio duela eguneroko doinuekin jotzeko"

Urte guzti hauetan errepertorio handia bildu dut eta nahi dut erakutsi horrek baduela bere balio musikala eta artistikoa eta balio duela eguneroko doinuekin jotzeko. Altxor bat da. 

Izan ere, askotan fabulatzen hasten gara musika tresnari buruz, baina danbolina Erdi Aroan sortzen den tresna da, Ilustrazioan egokitzen da euskal manerara eta XX. mendean aldatzen da.

Zapatuko kontzertuaz gozatzeko gutxieneko jakintza behar da edo edozeinendako modukoa da?

Edozeinentzat da. Orain arte eman ditugun kontzertuetan mundu guztiak esan du oso atsegina dela. Nik uste atsegina dela eta horretaz gainera, sorpresazkoa ere izango dela. Horko hotsak ez du zerikusirik kalean entzuten den txistuarekin.

Edozeinentzat da atsegina, zaharrentzat, gazteentzat, helduentzat eta umeentzat ere bai.

Besterik nahi baduzu gaineratu…

Aipatu nahiko nuke diskoa grabatu dugula Igartza jauregian, Beasainen. Lehenago ere Senperebarekin –aspaldiko lagunak gara- beste disko bat egin genuen, Chillida Lekutik diskoa. Han grabatutakoa da, Chillida Lekun. Bilatu genuen leku hori iruditzen zaigulako oso leku egokia zela, modernitatea eta lehenagoko usadioak uztartuta. Txistuz eta pianoz grabatutako lehen diskoa izan zen hura.

Orain ere leku berezia bilatu dugu diskoa grabatzeko. Txistua jauntxoen eskutik asmatu zen eta euren jauregietan egiten zituzten bijiliak (gaueko tertuliak, musika barne) eta haietan danbolinteroek ere jotzen zuten. Nahi genuen doinu hori jaso. Igartza leku aproposa iruditu zitzaigun. Hainbatentzat hotsa nolakoa den sorpresa zango da.