Ohi baino langile gutxiagorekin eta ohi baino lan-karga dezente handiagoarekin,, neka-neka eginda daude anbulatorioko osasun profesionalak.
Asteotan, anbulatorioko hiru medikuetatik bi ari dira lanean eta kontatu dutenez, “joan den barikura arte oso-oso-oso txarto” egon dira.
50 dei eta 30 baja, egunero
Batetik, lan kopuruarengatik. Izan ere, 50-55 telefono dei inguru izan dituzte egunero.
Bestetik, lan motarengatik, kasu gehienetan, koronabirusak eragindako bajak tramitatzen ibili direlako. “Egunero, mediku bakoitzak 20-30 bat baja genituen tramitatzeko, baja bakoitzari dagokion telefono deiak barne. Goiz guztia ematen genuen horretan”, kontatu dute.
Herritarrak haserre
Eta azkenik, neka-neka eginda daude eurei tokatzen ari zaielako herritarren haserrea entzutea, lehen mailako osasun arreta eskuratzeko zailtasunengatik herritarrek duten haserrea. “Jendea oso haserre dator edo gurekin berba egiten duenean, oso haserre dago, oso nekagarria da”, diote medikuek.
Sikiera, aste honetan egoera zertxobait hobetu dela gaineratu dute. “Osakidetzak kontratatu ditu hainbat erretiratu edo aurre-erretiratu bajak tramitatu ditzaten. Orain, badirudi bajen tramitazioa hasi dela funtzionatzen”.