Goi mailako txistu eta piano kontzertua

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 4a, 10:11

Joserra Senperena eta Jose Inazio Ansorena. Argazkia: Gaztelupeko Hotsak.

Zapatuan, Euskal Danbolinaren Aroak diskoa aurkeztuko dute Jose Inazio Ansorena Piter txistulariak eta Joserra Senperena piano-joleak Herriko Antzokian. Gaztelupeko Hotsak diskoetxe soraluzetarrarekin grabatutako diskoa da. Egileen esanetan,  klasikotik eta esperimentaziotik, bietatik dauka Durangoko Azokan aurkeztu zuten diskoak. Sarrerak salgai daude.

12 piezaz osatutako diskoa da Euskal Danbolinaren Aroak. Egileek diotenez diskoaren osagarri dira "1827ko dantzarako soinuak, ilustrazio garaiko pieza sofistikatuak, karlistaden garaiko jai girorako moldaketak, euskal tradizio eta moral erlijiosoari lotutako doinu kastoak eta egungo esperimentazio freskagarriak". 

Ikuskizuna, berriz, saio pedagogiko, aldarrikapen historiko eta aldi berean soinu esperimentazio garaikide moduan deskribatzen dute.

Bi maisu taula gainean

Txistuan maisu den Jose Inazio Ansorenak eta pianoan maisu den Joserra Senperenak zapatuan aurkeztuko dute emaitza Herriko Antzokian. 19:00etan hasiko da kontzertua eta sarrerak salgai daude Iratxo goxo-dendan, 5 euroan.