Presoak "etxean eta bizirik" nahi dituztela aldarrikatu dute urteko azken elkarretaratzean

Egoitz Unamuno 2021ko abe. 31a, 20:33

Gaur arratsaldeko elkarretaratzea.

Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako, bidean! lelopean dozenaka lagunek parte hartu dute gaur, abenduak 31, Plaza Berrian egin den elkarretaratzean. Euskal presoei ezartzen dizkieten salbuespen neurriak bertan behera lagatzeko eskatzearekin batera, urtarrilaren 8an Sarek herriz herri antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. 

"Ez gara nekatuko gaixo dagoen norbait behar bezala hartatu eta gaixotasuna sendatzeko azken lekua espetxea dela behin eta berriz errepikatzeaz" adierazi dute Sareko kideek, elkarretaratzean irakurri duten mezuan. Gaineratuz, azken bi urteetan lau preso hil direla "espetxean hartutako gaixotasun larriengatik", Asier Aginako, Oier Gomez, Jose Angel Ochoa de Eribe eta Antton Troitiño.

Mezu horretan,  salatu dutenez, "euskal presoei gradu-progresioak galarazten dizkiete sistematikoki, eta tamalez, gradu regresio bat ere bizi izan dugu. Presoen ibilbide juridikoa eta espetxe-ibilbidea blokeatzen jarraitzen dute, baimen asko blokeatuak baitaude. Lege arrunta aplikatuko balitz, egin beharko litzatekeen bezala, presoen zati handi bat jada aske egongo litzateke edo neurri oso desberdinekin". Oraindik ere, 90 euskal preso (eta Frantziako Estatuko beste 21 preso) Euskal Herritik urrun daudela aipatu dute.

Covid-aren eraginez espetxeetan hartu diren neurriak ere txarretsi dituzte, salatuz preso eta senideak denbora luzez egon direla komunikazio iraunkorrik gabe, eta orain berriro ere eten egin dituztela, "zailtasun desberdinak jarriz bisetarako eta vis a visak bertan behera utzita".

Horren aurrean, "euskal gizartearekin batera mobilizatzen jarraitzeko" asmoa adierazi dute, "bakearen eta bizikidetzaren alde, presoak etxerako bidean nahi ditugulako. Etxerako bidean! Etxean eta bizirik nahi ditugulako!". 

Urtarrilaren 8an, manifestazioak hiruburu eta herrietan

Bestalde, Sarek gaur jakinarazi du pandemiak eragindako egoera dela eta, urtarrilaren 8an Bilbon egitekoa zen manifestazioa bertan behera laga duela, eta, horren ordez, manifestazioak herriz herri egingo dituzte, iazko moduan. Manifestazio horretan ere bakea, elkarbizitza eta euskal presoen nahiz iheslarien Euskal Herriratzea aldarrikatuko dituzte, Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean! lelopean. Soraluzeko Sarek ere, datorren zapatuan, manifestazioa antolatuko du herrian.