53 positibo

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 30a, 17:44

Markak hausten ari dira COVID-19az kutsatuta dauden herritarren kopuruak. Soraluzen 53 kontabilizatu dituzte, baina anbulatorioko medikuek uste dute gehiago daudela oraindik kontabilizatu ez dituztenak. Atzemandako kopuruak, behinik behin, nahikoa deigarriak dira. Azken astebetean, Debabarrenean, 900 positibo pasa atzeman dituzte, erdia baino gehiago Eibarren.

Azken egunotan, ugaritzen segitzen du COVID-19an atzemandako positibo kopuruak. Soraluzen, atzo, 9 kontabilizatu zituzten eta herenegun, berriz, 16. Datuen goranzko joeraren adibide da abenduaren hasieran 9 positibo besterik ez zeudela herrian eta azken astebetean, berriz, 53 atzeman dituzte.

Asko oraindik kontabilizatu barik

Gainera, anbulatoriotik ohartarazi dute azken orduetan familia osoen dei ugari ari direla jasotzen esanez antigenoetan positibo eman dutela, eta, gogora ekarri dute positibo horiek ez dituztela datu ofizialetan kontabilizatzen Osakidetzarekin berretsi arte. Beraz, gaurko datuek erakusten dutena baino positibo gehiago daudela uste dute.

Egun bakarrean 100

Debabarrenean, egoera ez da hobea. Eibarren, egun bakarrean, 100 positibo kontabilizatu zituzten, atzo, hain zuzen. Elgoibarren, berriz, 200eko langa gainditu dute azken zazpi egunotan. Mutriku da beherakada txikia izan duen udalerri bakarra.

Esan beharrik ez dago kutsatu kopuru altuaren ondorioz, intzidentzia-tasa metatua ere nabarmen ari dela handitzen. Soraluzen, 2.000tik pasa da dagoeneko eta Deban, 3.000tik gora egin du.

Honako hauek dira abenduaren 23tik 29ra bitarteko datuak, herriz herri:

  • Eibar 466   2511,47
  • Elgoibar  221   2634,32
  • Mendaro  24   1513
  • Deba  112   3044,20
  • Mutriku  41    1900,64
  • Soraluze  53    2189,23
  • Debabarrena  917

Itxialdia murriztuta

Testuinguru honetan, atzo, Osasun Publikorako Espainiako batzordean, Espainiako Gobernuak eta Estatuko erkidegoetako ordezkariek aho batez onartu zuten konfinamendua edo itxialdia 10 egunetik 7 egunera jaistea COVID-19 koronabirusean positibo eman baina sintomarik ez duten herritarren kasuan, eta baita positibo baten kontaktu zuzena diren txertatu bakoen kasuan ere, azken horiek probetan positibo eman zein negatibo eman.

Txertoaren bi dosiak hartuta dutenek eta probetan negatibo ematen dutenek, berriz, ez dute zertan konfinamendurik bete, orain arte moduan.

Ezin dira bajak aldatu

Zentzu horretan, Soraluzeko anbulatoriotik gogora ekarri dute itxialdiaren iraupenaren jaitsiera gaurtik aurrera aplikatuko dutela, beraz, atzo edo lehenago positibo eman duten herritarrek 10 egunekoa bete beharko dutela. Hori horrela, eskatu dute ez ibiltzeko osasun zentrora deitzen laneko bajak aldatzeko eskatzen, ezin baitute aldaketarik egin eta gehiago kolapsatuko litzateke berez dagoeneko gainezka eginda dagoen lehen arretako osasun zerbitzua.