Atxuriko iturria konponduta

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 29a, 11:15

Atxuriko iturria urarekin. Argazkiak: Soraluzeko Udala.

Atzera ere ura dakar Atxuriko iturriak. Udaletik jakinarazi dutenez, “asko kostatutako konponketa” egin behar izan dute hori lortzeko: iturburua aurkitzeko desbroze-lanak egin, ur-hodia konpondu eta hodi zati berri bat ipini. Alkateak jakinarazi duenez, herritar “askok eta askok” egin die iturria konpontzeko eskaera.

Sasoi batean pinudia zena, hura bota ondoren, gaur egun oihan bilakatuta zegoen. Horren ondorioz, desbroze-lanak egin behar izan dituzte udal langileek Atxuriko iturriko uraren iturburua aurkitzeko.

(Beheko argazkian iturburuaren kokapena, pinudia bota zutenean, orain dela 8-10 urte).

Iker Aldazabal alkateak esplikatutakoaren arabera, behin hori egin behar izan dutenez, iturbururako ibilbidea garbi eta seinaleztatuta laga dute, etorkizunerako.

(Beheko argazkian, iturburua)

Konponketarekin segituz, iturburua aurkitu ondoren, iturburutik Atxuriko parkeko iturrira bitarteko ur hodia konpondu egin  behar izan dute. 150 metroko hodi berria ipini dute zaharrak ur ihesak bai zituen.

Bestalde, Iker Aldazabal alkateak esan duenez, “herritar ugarik” eskatu die iturria konpontzeko, “askok eta askok, bertatik edaten baitute eta azkenean udal brigadako langileek egindako lanari esker lortu dugu!”