Egitasmoak urtebete bete du. Zela dago?
Oso ondo. Nik uste dut oso emaitza politak ari direla ateratzen. Guk "laneko esperientziak" deitzen diogunak oso garrantzitsuak dira eta ikusten dugu poliki-poliki herrian gero eta errazago harremantzen direla. Garapen hori ikustea eta eurekin konpartitzea, oso aberasgarria da denontzat. Nik lan honetan ikasi dudan gauzarik garrantzitsuenetako bat da pertsona bakoitzak bere erritmoa duela. Aldundiak ziurtatu du beste urtebetez behintzat jarraituko dugula, parte-hartze handia dagoelako (41 emakume) eta emaitza onak lortu direlako. Ikusten da herrian beharrizan handia dagoela.
Zelakoa da egitasmoan parte hartzen duten emakumeen perfila?
Emakumeak, etorkinak, familia karga handikoak eta orokorrean gizartean babes gutxi dutenak… Marokoarrak dira gehienak, baina badira sahararrak, nigeriarrak, malikoak, palestinarrak eta Soraluzeko hiru emakume ere bai. Alde horretatik, pentsatzen dugu halako egitasmoak etorkinentzako bakarrik direla baina ez, jatorriz bertakoak diren pertsonentzat ere badira. Horrek pena ematen dit.
Parte hartzen diharduten emakumeek zein oztopo nagusi topatzen dituzte?
Hizkuntza eta batez ere paperak lortzea. Pasaportea, NIE...Alde horretatik, oztopo asko dituzte eta ez die errazten lortzea lanerako baimena, oinarrizko beharretarako dirulaguntzak, nazionalitatea... Etorkinendako legeak ipini dituenak bizi izango balu zer den egoera horretan egotea… Orain dela gutxi gertatu zait pertsona bati bankura laguntzea kontu bat zabaltzera eta langileak esatea ezetz, ezin duela behar duelako pasaportea eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Gero SOS Arrazakeriaren bitartez jakin dugu, baietz, edozein pertsonak duela eskubidea kontu bat zabaltzeko… Pentsa.
Lorpen positiboen aldetik zer azpimarratuko zenuke?
Formazio eta lan esperientziak eta euren arteko harreman sarea... Sare hori oso garrantzitsua da elkar babestu eta animatu daitezen, baita gainerako soraluzetarrekin osatu dezaketen sarea ere.
Horri begira, aurten, hainbat ekimen publiko garatu dituzue herrian.
Bai. Martxoaren 8rako musukoak, Munduko Arrozak eta talo postuaren ekimenez gain, hartuemanak izan ditugu artisauekin, Sororak talde feministako kideekin, hainbat herritarrekin umeendako jolasak eta arropak konpartitzeko, hilero bisitan joaten gara musika eskolara, ludoteka eta liburutegia ezagutzera… Horrez gain, euskararekiko sentsibilizazioa ere lantzen dugu Pil-pileanekin.
Pertsona hauek babesleku baten bila datoz Soraluzera eta alde horretatik, herri txikia den aldetik, herri polita da eurentzat, hemen herritarrek elkar ezagutzen duzue eta sarea egiteko aukera gehiago ematen duelako. Elkartasun hori ikusten da Udalaren aldetik, zerbitzuetatik, taldeetatik… Herritarren aldetik somatu dudana da kuriositatea eta jakinmina, hizkuntzarekiko, gastronomiarekiko, erlijioarekiko… Eta emakumeen partetik, ulertu behar da bizi duten egoeran irekitzea ez dela erraza, baina badihardute. Etorkizunera begira, nire ustez oso garrantzitsua izango litzateke emakumeentzako espazio fisiko bat izatea, elkartu eta harremandu ahal izateko eta sarea ez eteteko.