Bihar, eguaztena, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako anbulatorioen aurrean protesta egiteko deia egin dute osasun arloko sindikatuek. Soraluzen ere bat egin dute deialdiarekin eta 13:00etan elkarretaratzea egingo da, anbulatorio aurrean.
"Egiturazko" arazoak, "sakonak" eta "zaharrak"
Protestaren deitzaileek salatu dutenez, Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera “jasanezina” da, bai langileentzat eta baita herritarrentzat ere. Gaineratu dute pandemiak are gehiago “tenkatu” eta “prekarizatu” duela lehen ere “hilzorian” zegoen asistentzia-maila horren egoera, arazoak “egiturazkoak” direlako, “sakonak” eta “zaharrak”.
Datuak ere eman dituzte. Batzuk aipatzearren:
- Langileen %60 aldi baterakoak direla.
- Urrian bukatu egin zirela errefortzurako zeuden langileen kontratuak.
- Aztarnari kopurua erdira jaitsi dutela.
- Ez dituztela ordezkorik ipintzen oporretan edo bajak kubritzeko.
- Telefonozko arreta ematen segitzen dutela.
- 2022rako aurrekontuan, 2021ean gastatu zutena baino 16 milioi euro gutxiago daudela aurreikusita.
Eskaerak
Egoerari buelta emateko, honako neurri hauek eskatzen dituzte:
- Aurrekontua handitzea Europar Batasunean dagoenaren parera iritsi arte (BPGaren %7).
- Lan-taldeak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoa ematea kategoria guztietan, lanpostu berriak sortuz (1.000 plaza gehiago behar dira).
- Aldi baterako milaka langileak finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea.
- Lan-kargak arrazionalizatzea.
- Absentzia guztiak lehen egunetik ordezkatzea.
Atzo, astelehena, pentsioen aldeko mobilizazioan biharko deialdiaren berri eman zuten eta bertaratzeko deia egin zuten.
EH Bilduren ustez, "muga guztiak gainditu dira"
Gaur, Soraluzeko EH Bilduk ere babestu du biharko protesta eta koalizioak ere egin du bertaratzeko deia. Koaliziotik salatu dutenez, “Osakidetzako lehen mailako arretako kolapso egoera hori ez da kasualitatea eta osasun publikoa indartzera bideratuta ez dauden politika publikoen emaitza da”.
Uste dute Osakidetzako “lehen mailako arretan ematen den osasun arreta gero eta okerragoa” dela eta orain, pandemiarekin “muga guztiak gainditu” egin direla: “Profesionalek urteak daramatzate egoera salatzen, pazienteek urteak daramatzate egoera hori pairatzen. Eta pandemiarekin muga guztiak gainditu dira. COVID-aren olatu berri honetan Osakidetzaren anbulatorioetan ikusten ari diren egoerak imajinaezinak ziren duela urte gutxi. Sinesgaitza da pandemiarekin ere ez dela indartu osasun publikoa, eta indartu beharrean, are gehiago ahuldu dutela”.