Covid Ziurtagiriaren erabilera esparru gehiagotara zabaltzeko Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria dela-eta, honako oharra kaleratu du Soraluzeko Udalak:
Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 14ko 47/2021 Dekretuak xedatutakoa betez, joan den asteaz geroztik derrigorrezkoa da Covid Ziurtagiri Digitala aldean izatea Udalaren jabetzako kirol zein kultur ekipamenduetan sartzeko.
Dekretuak, esan bezala, Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) eskatzeko derrigortasuna ezartzen du, COVID-19aren pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta osasun publikoaren zaintzaren eta kontrolaren berezko prebentzio- eta euste-neurri osagarri gisa.
Non erakutsi behar den
Honako hauek dira Dekretuaren eraginpeko eremu berriak:
1.– Kontzertu-aretoak eta erabilera anitzeko aretoak edo gaitutako beste espazio itxi batzuk, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura- eta arte-ekitaldiak egiten direnean.
2.– Ostalaritza-establezimenduak eta jatetxeak, baita oturuntza-aretoak ere, dantza egiteko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua zeinahi dela ere.
3.– Kiroldegiak, gimnasioak eta jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten den bestelako barne-espazioak, izan kirolarientzat, laguntzaileentzat nahiz publikoarentzat.
4.– Kirol-instalazio itxiak, hala nola, estadioak, frontoiak edo antzekoak, sarrera kontrolatzeko sistema batekin (tiketak, abonamenduak, gonbidapenak, eta antzekoak) eta 100 pertsona baino gehiago bertaratuta lehiaketak egiten direnean.
5.– Ospitaleak, zentro soziosanitarioak eta espetxeak: ospitaleratutako pazienteak edo egoiliarrak bisitatzen dituzten pertsonak.
Hori horrela, Soraluzeko Udalak COVID ziurtagiria eskatuko du ondorengo tokietan sartzeko:
- Arane Udal Kiroldegia.
- Udal Liburutegia.
- Erakusketa-gela.
12 urtetik beherakoak eta langileak libre
Neurria indarrean egongo da azken 14 egunetan COVID-19ak Euskal Autonomia Erkidegoan izan dituen kasu positiboen intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 300 kasukoa edo gehiagokoa den artean.
Betekizun hori ez da beharrezkoa izango 12 urtetik beherakoentzat, adinagatik sartu daitezkeen establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuetara sartzeko.
Lokal horietako langileei ere ez zaie ziurtagiria eskatuko, beren lana egiteko lokal horietara sartzen direnean