COVID pasaportea sortu eta inprimatzeko eskaerek eragindako intzidentziak ugaritu egin direla jakinarazi dute zenbait osasun-zentrok, tartean, Soraluzeko anbulatorioak. Izan ere, herritar asko anbulatoriora joaten ari dira pasaportea tramitatzera baina hori han ez dute egingo.
Diotenez, ziurtagiria ez da osasun-arazo bat, eta, horregatik, Lehen Mailako Arretako osasun-zentroetan ez dute ezer konponduko. Beraz, ez dute ziurtagiri hori inprimatuko eta ezta hura lortzeko tramiterik egingo ere.
Udaletxean bai
Beste herritar asko, berriz, udaletxera joaten ari dira Covid ziurtagiria lortzeko. Atzo, eguena eta gaur ilarak sortu dira. Eta bai, udaletxean ari dira laguntasun hori ematen, baina azpimarratu dute laguntasun hori dela bestelako aukerarik ez dutenendako.
Hau da, pertsona nagusiei eta tramiteak deskargatu eta egin beharrak egiteko baliabiderik ez dutenei laguntzeko gertu dago Udala eta horretan ari dira udaletxeko harreran.
Hori bai, udaletik gogora ekarri dute, berez, hori egitea ez dela udal langileen lana. Eta zenbait kasutan, herritarrek Osakidetzan dituzten datuak ez direla zuzenak. Hori horrela, aditzera eman nahi dute lagundu ahal dutenean lagunduko dutela baina gauza asko ez daudela euren esku eta ezin dituztela eurek egin.
Ezin komunikatu
Bestalde, beste herritar asko ari dira egunotan Osakidetzarekin harremanetan jarri nahian, txertoa hartzeko hitzordu nahian zein bestela eta ezinezkoa izaten ari da komunikazioa gauzatzea.
Datuak
Koronabirusarekin lotutako datuei dagokienez, berriz, oro har, gorantz egiten segitzen dute. Soraluzeri dagokionez, berriz, astelehenean baino bi gutxiago kontabilizatu dituzte. Hala ere, intzidentzia tasa metatua nabarmen handitu da.
Hona hemen abenduaren 9tik abenduaren 15era bitarteko datuak.
- Eibar 218 1849,02
- Elgoibar 67 996,53
- Mendaro 12 898,35
- Deba 51 2145,61
- Mutriku 55 1656
- Soraluze 28 1233,01
- Debabarrena 431