Ezjakintasunetik galdetuta, oso deigarria da txaranga batek kantu erlijioso bat interpretatu eta gainera, diskora eramatea; debozioarengatik da?
"Askotan esaten da, Eibarren, Arrateko Ama erlijio guztien gainetik dagoela"
Askotan esaten da, Eibarren, Arrateko Ama erlijio guztien gainetik dagoela. Marinelen eta Euskal Herri osoko txistularien zaindaria da. Esango nuke herri osoak aitortzen diogula “gure zaindari onena” titulua. Eta, iruditu zitzaigun, bere kantuak balio liezagukeela Harlemera bidaiatzeko. Irizpide historikoak eta musikalak dira, ez erlijiosoak, baina errespetuz egin nahi izan dugu.
Zeinek egin ditu moldaketa lanak?
Arrateko Amaren kasuan Asier Ardaiz gure lagun nafarrak egin du, baina lan hauetan beste batzuk ere aritu gara: Rakel Arbeloa eta Jon Viejo dira beste kolaboratzaileak, eta horrez gain, txarangako kide garen Beñat Etxabek eta biok ere egin ditugu lanok.
Ukitu martxosoa eman diozue? Erreberentziala? Don Polik idatzi zuen letra ere kantatzen duzue?
"Entzun dutenei “Oh Happy Day” datorkie gogora, txalo artean, gospel estilora pasatzen gara"
Egia esateko denetik dauka. Arrateko kanpaiak entzuten dira kantuaren aurretik, gero betiko giro erreberentzial horrekin hasten da… baina horren ondoren entzun dutenei “Oh Happy Day” datorkie gogora. Txalo artean, gospel estilora pasatzen gara. Eibarko Koro Gazteak jarri dio ahotsa, eta bai, Don Polik idatzitakoa abesten dute, beraz… posible genuke bertsio hori Ezoziko Amari ere abestea! Ez zegoen gure asmoetan baina…. Don Poli plaentxiarrak Eibarri horrelako oparia eman ondoren, akaso egin genezake guk Ezoziko Amarentzat!
Arrateko Amaz gainera, beste 10 kantuz osatutako diskoa aurkeztuko duzue gaur eta bihar, ezta?
Eibarko Kantak jarri diogu izena, hamaika kantu dira askoz zabalagoa den kantutegi batetik hautatutakoak. 10 kantu horietan denetatik aurkituko dugu, azken finean, gure herriak historian zehar izandako izaeraren erakusle direnak. Arrate eta Ezoziren arteko txantxa ez da bakarra, izan ere melodia eta letra batzuk ezagunak dira beste hainbat herritan, beraz baliteke Eibartik kanpo entzuterakoan baten batek esatea… “aizue, gure herrian hau beste modu honetan abesten dugu!”, eta joko hori interesgarria izan daiteke. Kantu horietako bakoitzarekin orduak pasa genitzake berriketan, eta hauexek dira: Eibarko Herria, Arragueta Kalian, Hiru Gizon Ilustre, Himno a Eibar, Venid al Pueblo de Eibar, Eibar Tiene su Entrada, Forjarien Kanta, Agur Esanda Banua Ni eta Suite Eibartarra.
Zuen lehen diskoa da?
Txaranga bat gara, kalea da gure agertoki naturala eta halaxe aritu gara 19 urtez, pandemia iritsi arte. Jarduera horretara itzultzea da gure asmoa. Kasualitatez, koronabirusa iritsi baino hilabete batzuk lehenago hasi ginen ideia honi bueltak ematen, eta iritsi zenerako honekin lanean ari ginen, bai, gure lehen diskoarekin.
Oruesagastitarra zara txarangako zuzendaria, Soraluzeko Oruesagastitarren biloba. Horrek badu eraginik musikari izanean? Eusten diozue soraluzetarrekin edo Soraluzerekin harremana izateari?
Txurrukan bazkaltzea gustatzen zaigu eta Arrateko Amari gospel bertsio bat egin diogu (beraz, baita Ezoziko Amari ere), be gutxi iruditzen al zaizu? (barreak).
Txaranga moduan, baina, hemen egon izan zarete…
Aspaldi! Pozarren itzuliko gara nahi duzuenean!
Gaurko eta biharko kontzertuei begira, berriz, zelan ikusten duzue?
"Helburua izan da gure aitxitxa-amamen belaunaldiko kantak hartu eta gazteek gazteentzat berregitea, prozesu osoaren klimaxa da gaurkoa eta biharkoa"
Kontzertua baino, ikuskizuna izango da. Diskoko kantuak aurkeztuko ditugu, baina espektakulu osoa prestatu dugu, horrek dakarrenarekin. Herriko beste hainbat gazterekin egin dugu lan horretarako. Helburua izan da gure aitxitxa-amamen belaunaldiko kantak hartu eta gazteek gazteentzat berregitea. Prozesu osoaren klimaxa da gaurkoa eta biharkoa eta aukera egongo da barre egiteko, zalaparta sortzeko, dantzatzeko… baina baita emozionatzeko ere. Publiko guztientzat pentsatua dago, haurrentzat zein helduentzat, eta oso produktu eibartarra da, baina zinez, Soraluzetik norbait baldin badator, gozatuko duelakoan gaude.