“Halako besterik ez da egongo, hori seguru”

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 15a, 12:32

Felisa Granado Mateok (Moraleja, Caceres, 1950), Gabonetako zuhaitz originalenetariko bat dauka etxeko sarreran. Berak dioen moduan, “ez da ez politena eta ezta zatarrena ere. Baina halako besterik ez da egongo, hori seguru”. Izan ere, arbolako apaingarri guzti-guztiak berak egindakoak dira, crochetarekin edo kakorratzekin.  

Kontatu dituzu apaingarriak?
Ba ez. Baina nire auzokidea zoratzen dago zenbat dauden jakin nahian, beraz, desmuntatzen dudanean kontatuko ditut. Gainetik begiratuta, ehun inguru egon litezke. 
Zenbat denbora pasa zenuen zuhaitza muntatzen?
Ba arratsalde osoa. Bazkalostean hasi eta gaueko hamarrak arte-edo.  
Denetarik egin duzu…
Bai, Olentzero eta Mari Domingi, Aita eta Ama Noel, ardiak, aingeruak, bolak, txoriak, usoak, danborrak, oiloak, txapelak, otartxoak…
Zelan bururatu zaizu hau guztiau egitea?
Ba artile poltsak nituen eta gauez ez dut lorik egiten; sarri esnatu eta ezin izaten dut berriro ere lokartu. Gau batean, halakoak egiten hasi nintzen ohean eserita, telebista piztuta eta eskulanak egiten. Bakan batzuk egin ondoren, Interneten begiratu nuen eta ikusi nuen aingerutxoak, usoak… zelan egin azaltzen zutela. Eta horrela hasi nintzen. Hori bai, Olentzero eta Mari Domingi egitea, adibidez, asko kostatu zait; haiek egiteko argibiderik ez dator Interneten, hortaz, irudimena erabilita, handik eta hemendik ideiak eta apaingarriak hartuta egin ditut, detaile guztiekin, belarritakoak, txalekoa, txapela, Mari Domingiren zapia… denetik dute. 
Noiztik diharduzu kakorratza egiten?
Betidanik. Amak erakutsi zidan. Puntillak ere egiten ditut, umeendako jertsetxoak… denetik egiten dut. 
Saltzen dituzu?
Ez. Hau ezin da saldu. Ordu mordoa dira. Nik nire burua entretenituta izatearren egiten ditut halakoak.