Covid ziurtagiria eremu gehiagotara zabaltzeko eskaera onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 14a, 16:12

Ostalaritzako eremuetara, zentro soziosanitarioetara, zahar etxeetara, kiroldegietara, gimnasioetara, kultura-ikuskizunetara eta espetxeetara sartzeko Covid ziurtagiria erakutsi beharko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak salbuespen bakarra ezarri du, neurri hori ez da kirol instalazio irekietan aplikatuko, adibidez, futbol zelaietan. 

Eusko Jaurlaritzak joan den abenduaren 10ean eskatu zion EAEko Auzitegi Nagusiari Covid ziurtagiria eremu gehiagotara zabaltzeko baimena. Gaur goizean, Auzitegi Nagusiak onartutakoaren arabera, honako eremu hauetan erakutsi beharko da Covid ziurtagiria:

  • 1- Zentro soziosanitarioetan, ospitaleetan eta zahar etxeetan.
  • 2- Kiroldegietan zein gimnasioetan. Jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten denean, kirolariei, laguntzaileei eta publikoari.
  • 3- Kartzeletan.
  • 4- Ostalaritzako establezimenduetan.
  • 5- Kultura aretoetan, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura edo arte ekitaldiak egiten diren lekuetan.

Bi salbuespen

Badira bi salbuespen. Batetik, 12 urtetik beherakoek zein lanean ari diren establezimenduetako langileek ez dute ziurtagiririk erakutsi beharko. Bestetik, aire zabaleko kirol instalazioetan ere ez da Covid ziurtagiririk erakutsi beharko. 

300dik gorako intzidentzia

Covid ziurtagiria eskatuko dute azken 14 eguneko intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 300 kasutik gorakoa den kasuetan.