Atzoko elkarretaratzean salatu zutenez, pentsioak eguneratzeko aplikatuko den Kontsumorako Prezioen Indizea (KPIa) ez da “2011ko erreformaren aurretik erabiltzen zen ohiko KPIa. KPIa erreferentzia bat baino ez da izango eta errebalorizazioa aurreko ekitaldian erregistratutako batez besteko inflazioa erabiliz egingo da, ez KPIaren urteko igoera erabiliz”.
Horren adibideak ere helarazi zituzten. Salatu zutenez, 2011ko pentsioen erreformaz geroztik, pentsioen erosteko ahalmena gutxienez % 4,2 murriztu da.
- 2011 eta 2012an pentsioen erosteko ahalmena % 4,3 murriztu zen.
- 2013an pentsioen erosteko ahalmena % 0,7 handitu zen.
- 2014an, 2015ean, 2016an eta 2017an, ospetsua den % 0,25arekin, pentsioen erosteko ahalmena % 1,70 murriztu da (ez da aintzat hartzen 2014ko % 1eko KPIa).
- 2018an, 2019an eta 2020an pentsioen erosteko ahalmena %0,08 handitu da, Pentsiodunen Mugimenduaren presioari esker.
Galera historikoa
Aurtengo egoerari dagokionez, berriz, gogora ekarri dute aurtengo KPIren igoera %5,6koa izan arren, pentsioak %2,5 bakarrik handituko direla eta hor argi ikusten dela ez dutela KPI erreala aplikatuko: “Pentsioak KPI errealaren arabera ez handitzearen ondorioz, pentsiodunok gure erosteko ahalmenean % 3,1eko galera historikoa izango dugu, eta azken 10 urteetako metatuari gehituta, pentsioek erosteko ahalmena % 7,32 murriztuko dute. Pentsioak %2,5 igotzea benetako KPItik oso urrun geratzen da, noski”.
Horregatik guztiagatik uste dute orain, "benetako KPIaren eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioen aldarrikapenek garrantzi berezia" hartu dutela.