COVID-19 koronabirusean positibo ematen ari den herritar kopurua handitzen joateaz gain, egoera larritzen ari da.
Gaur, martitzena, anbulatoriotik esandakoaren arabera, azken egunotan adindu bat hil egin da COVID-19 gaitzak jota, beste bat ospitaleratuta dago eta Osakidetzak atzo helarazitako datuak gehi atzo anbulatorioan atzemandako positiboak batuta, herrian 30 soraluzetarrek eman du positibo COVID-19a detektatzeko probetan.
Helarazitako xehetasunen arabera, positibo gehienak dira txertoa hartu barik dutenak. Bestalde, intzidentzia-tasa metatuari dagokionez, Soraluzekoa da 830,40, Osasun Sailaren arabera.
COVID ziurtagiria
Testuinguru honetan, gaur Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia elkartuko da COVID-19 ziurtagiriaren erabilera eremu gehiagotara zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak egindako eskaerari buruz erabakitzeko. Jaurlaritzak nahiko luke COVID ziurtagiria beharrezkoa izatea ostalaritzara, gimnasioetara, zentro soziosanitarioetara eta zahar etxeetara sartzeko, baldin eta azken 14 eguneko intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 300 kasutik gorakoa baldin bada.
Manifestaziorako deia
Halaber, testuinguru honetan, atzo, astelehena, Bizitza Plataformako ordezkariak Soraluzen izan ziren, zapatuan Donostian egingo duten manifestaziorako deia zabaltzen. Protesta 17:00etan abiatuko da Boulevardetik, COVID pasearen inposaketari ez, askatasuna lelopean. Bizitza Plataformakoek mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete “txertatutakoei eta ez txertatutakoei”.