2018ean hasi zen Miguel Criado harria lantzen, jaioterrian, Salamancan harria lantzen ikasteko ikastaro bat egin ostean. Han ikasitakoa eta 50 urtez lanbide izan duen igeltseritzan ikasitakoa aplikatuz eta jakina, lanordu mordoa eskainita, ehunka eskulan egin ditu azken hiru urteotan, Salamancatik propio ekarritako harria erabilita.
Anaiaren lanak ere bai
Orain, lan horiekin erakusketa ipiniko du erakusketa gelan, gaur hasi eta abenduaren amaierara arte. Gaur, 19:00etan zabalduko du erakusketa eta Miguel Criado bera egongo da inaugurazioan.
Bestalde, berak egindako lanekin batera, Jose Manuel Criado anaiak emandako lan batzuk ere erakutsiko ditu, hezurrarekin landutako apaingarridun bastoiak, soldadurarekin egindakoak… aparteko mahai bat jarriko du anaiaren lanekin.