Tere Guenetxea plazentziatarrak Plaentxia.eus-i kontatu dionez, bere loiba den Baraxil Bengoa Guenetxeak, Arrasaten bizi den Mila Guenetxea plazentziatarraren semeak, urteak daramatza New York hirian bizitzen eta lanean, eta joan den hilaren 8an bere familiaren eta familiartekoen argazkiak proiektatu zituen munduko leku ezagun eta jendetsuenetakoa den plazako pantailan.
Kontua da, Baraxilek lan egin duen Arch enpresak, lehen aldiz burtsan parte hartuko zuela eta, bere langileei proposatu ziela publizitate spotean agertzea, ondoren New Yorkeko eraikin enblematikoenetako batean erakusteko. Eta, Baraxilek, bere lankideek bezala, onartu egin zuen proposamena, eta bere familiaren argazkiekin batera, gurasoena, izebarena (Tererena) eta lehengusinaren seme-alabena (Suar eta Idurrerena) ere bidali zizkion enpresari. "Bitxikeri bat besterik ez da baina niri ilusioa egin dit" adierazi du Terek.
Munduko pantailarik ezagunenetakoa
New York hiriko Times Squareko Nasdaq pantaila oso ezaguna da bertan Estatu Batuetako Nasdaq indizean kotizatzen duten elektronika, informatika, telekomunikazio eta bioteknologia arloko enpresarik handienen iragarkiak erakusten dituelako eta horrez gain, leku horretatik, urtean 40 milioitik gora pertsona igarotzen direlako.