Saihesbidea itxita berriro ere

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 12a, 10:44

Saihesbidea garbitzeko makina gaur goizean. Argazkia: Angel García.

Gauerdian, atzera ere jausi dira harriak, lurra eta zuhaixkak saihesbidera eta itxita dago errepide hori. Diputazioko langileak bertan dira eta gaur bertan hasiko dira jausitakoak erretiratzen. Bitartean, errepideak itxita segituko du.

Lekukoek kontatutakoaren arabera, gauerdian hasi dira zaratak saihesbidean. A.P. herritarrak kontatutakoaren arabera, gauerdian hasi eta 30 minutu baino gehiago iraun zuten harriak eta eta lurra jausten errepidera. Ondoren, Ertzaintza bertaratu zen eta saihesbidera zihoazen ibilgailuei buelta eman eragin zieten. F.I. herritarrak esandakoaren arabera, berriz, 00:40ak aldera, Ertzaintza Mendiola industrialdeko zubi parera joan eta itxi egin zuen Bergararako erraila.

Lanean dira

Gaurko egoerari dagokionez, Diputazioko errepideetako langileak lur-jausia gertatu deneko tokian bertan dira. Esandakoaren arabera, errepidea itxita dago eta gaur bertan hasiko dira lurrak-eta erretiratzen; are gehiago, dagoeneko bertan dira makina hondeatzailea zein kamioia. Horrekin batera, abiadura moteleko erraila hormigoizko hesiz itxiko dute, segurtasuna bermatzeko.

Datozen orduotan, berriz, goitik behera datorren ura nondik datorren begiratzera joango dira, luizia behar den moduan konpondu ahal izateko.