Gaurko egoerari dagokionez, Udaltzaingoan galdetuta, normaltasunera bueltatu dela eman dute aditzera. Gaur gau-goizaldean, euriak segi arren, urek ez dute gainezka egin.
Atzoko gertakarien ondorioei dagokienez, berriz, besteak beste, gaur goizean, garbiketa lanak egiten ibili dira Errabal kaleko arketetan eta saihesbideko lur-jausia dagoeneko garbitu dute eta errepide hori ere zabalik dago.
Lekuko bila
Bestalde, saihesbideko lur-jausi horren harira atzo, 07:40an istripua izan zuen soraluzetar batek eta lekuko bila dabil.
Kontatutakoaren arabera, bera 07:30 aldera Txurrukenera joan zen autoarekin, Bergararantz joan behar baitzen. Dio, bera moduan, beste ibilgailu asko iritsi zirela bertara eta aurrera egin zutela. "Nik, behintzat, ez nuen bidea ixten zuten piboterik ikusi, ezta hesirik ere. Beraz, beste gidariek moduan, aurrera egin nuen eta ikusi nuenean ibaia gainezka zegoela Mendizabaleneko zubian, buelta hartu eta saihesbidetik gora egin nuen. Baina, han lur-jausia zegoen eta 07:40an istripua izan nuen lur-jausiarekin. Orain, lekukoak behar ditut, erakusteko nirekin batera ordu inguru horretan Txurrukeneko irteeran aurrera egin zuten gidari asko izan zirela eta han ez zirela ez piboteak eta ezta hesia ikusten ere. Nirekin harremanetan jartzeko: 609 70 54 45".