21 positibo, kontsultak atzeratuta eta jarraibide berriak

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 9a, 19:41

Etengabe doa handitzen COVID-19a atzemateko probetan positibo eman duen herritarren kopurua. Gaurko datuen arabera, 21 positibo daude Soraluzen eta intzidentzia-tasa metatua da 754,91. Oro har, Debabarrenean ere nabarmen egin dute gora datuek, batik bat Eibarren. Bestalde, Osasun Sailak jakinarazi du abenduaren 15ean hasiko direla umeak txertatzen eta horrez gainera, jarraibide berriak iragarri ditu.

Abenduaren 2an 9 positibo zeuden Soraluzen. Apenas astebete geroago, 21 atzeman dituzte. Are gehiago, astelehenetik atzora arte, 10 positibo berri kontabilizatu dituzte. Datuon arabera, kutsatzeen erritmoa geroago eta biziagoa da. Oro har, Soraluzen ikusten ari den joera berbera edo okerragoa ari da izaten Debabarrenean  zein Gipuzkoan. 

Iazko abenduarekin alderatuta, adibidez, zeharo bestelakoa da aurtengo egoera. Iazko abenduaren 13an, 0 positibo zeuden Soraluzen eta intzidentzia tasa 127koa zen; Debabarrenean, berriz, guztira, 37 positibo zeuden. Gaurko datuen arabera, ostera, eskualdean 465 positibo daude.

Hona hemen abenduaren 2tik 9ra bitarteko datuak, herriz herri:

  • Eibar  290     2045,57
  • Elgoibar  48   823,22
  • Mendaro  7    756,50
  • Deba  66     1852,19
  • Mutriku 33   1242
  • Soraluze  21   754,91
  • Debabarrena 465

Kontsultak atzeratu

Bestalde, egunotan, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak jakinarazi du kutsatzeen handitzea dela-eta, “osasun-sistema jasaten ari den tentsioa izugarri” igo dela. Horren ondorioz, Jaurlaritzak erabaki du atzeratu egingo dituztela gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen kontsultak, jarraipen-kontsultak zituztenenak. Xehetasunen arabera, lehentasuna emango diote “osasun-arazo akutuen arretari, hots, arnasbideetako infekzioei edo sukarrari, besteak beste, Sintromaren kontrolari eta COVID-19a duten pazienteen arretari”.

Jarraibide berriak

Horrekin batera, jakinarazi zuten aurrerantzean, positibo eman duen norbaiten hurbileko kontaktuek ez dutela jasoko aztarnarien deirik, baizik eta proba egiteko, Euskadi.eus webguneko formularioaren bitartez hartu ahal izango dutela hitzordua. 

Jarraibideak, berriz, honakoak dira: txertaketa-pauta osoa jarrita dutenei edo azken 90-180 egunetan COVID-19ak eragindako infekzio aktiboa izan dutenei proba diagnostikoa egingo zaie, eta, proba negatiboa bada, ez dute berrogeialdirik egin beharko, baina prebentzio-neurriak areagotu beharko dituzte eta COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak agertzen diren zaindu. Bestalde, pertsona txertatuta ez badago, berrogeialdia egin beharko du eta beste SMS bat jasoko du 8 egunen buruan beste proba bat egiteko.
Azkenik, Osasun Sailburuak, besteak beste, iragarri zuen abenduaren 15etik aurrera hasiko direla haurrei txertoak ipintzen.