"Hasi gara konturatzen ongi kudeatutako baso eta mendi batek zer abantaila dakarren" Mikel Sarriegi

Egoitz Unamuno 2021ko abe. 6a, 08:59
Mikel Sarriegi.

Mikel Sarriegi (Beasain, 1965) Basoinsa S.L. enpresako ekoingenieria da eta Udalaren enkarguz Muskiritzuko (mendigaineko) inguru naturalaren eta biodibertsitatearen hobekuntza plana osatu du.

Zer esango zenuke mendigainean topatu duzunaz?

Lehenengo eta behin esan nahi nuke sorpresa izan dela. Ez nuen espero mendi horretan halako balio naturala eta paisajistikoa duen leku bat aurkituko nuenik. Alde batetik iparraldetik duen pagadia dago eta beste aldean ez dugu aurkitu degradazio maila handirik ere; diot, pista handirik edo higadura handia jasan duen eremurik... Orografia ez da hain aldapatsua ere eta azken urteotan kontserbaziorako abiatu diren proiektuek ere lagunduko zuten. Tartean badira gaixotutako pinudi batzuk eta espezie exotikoen landaketa batzuk ere, baina horiek ez dira oztopo bultzatu nahi dugun eraldaketa egin ahal izateko.  

Eraldaketa hori burutzeko nahikoa dira hamar urte. 

Tira, mendi eta basoen kudeaketan 10 urte da gutxienekoa, eta seguruenik gehienekoa ere bai, komeni delako tarteka planak errebisatzea. Planak bertako basoa leheneratzeko jarraibideak ematen ditu. Zenbait eremutan sasia eta garoa lagako dira, biodibertsitatearen aldetik duten balioarengatik, eta larrei ere eutsiko zaie daukaten balio kultural-paisajistiko eta historikoa dela eta.

Planaren espirituan ez dago kontserbazioa bakarrik, izan ere, mendiak babestu ezean beste arazo batzuk sortzen dira eta horiei aurre egitea zaintza proiektuetan inbertitzen dena baino garestiagoa da. Urte askoan, basogintzaren helburua etekina ateratzea izan da, diru iturri zuzena eta azkarra, kontuan izan gabe beste balio batzuk, esaterako, ekosistemikoa. Gaur egun balio horiek dirutan koantifikatzen ari dira eta hasi gara konturatzen ongi kudeatutako baso eta mendi batek zer abantaila dakarren; dela uholde arriskua eta gastuak gutxitzea, uraren kalitatea mantentzea, karbonoa metatzea… 

Mendigainaren kasuan balio paisajistikoak pisu berezia du, ezta?

Bai eta oso konpatiblea da Dolmenen ibilbidea moduko proiektu kultural batekin. Horrez gain, mendigainean badira bi edo hiru putzu ere anfibioen babesleku direnak eta planean kontenplatu da horiek babestea ere. Geologikoki ere balio berezia duen lekua da, harri bolkanikoa duelako. 

Pinuaren gaixotasunak aldaketa handia eragin du basogintzan. Zelan ikusten duzu egoera?

Ziurgabetasun eta orientazio falta handia dago. Badakigu eukaliptoak etekina ematen duela 10-15 urtera baina, aldi berean, eukaliptoak sor ditzakeen kalteek beldur eta zalantza handia eragiten dute. Gipuzkoan lurjabe askok criptomeria japonica-ren eta sequoiaren alde egiten dihardu eta bertako espezieak ere gero eta gehiago sartzen dira. Administrazioan ere zalantza da nagusi, ikusten dutelako orain arteko ereduak huts egin duela, baina oso tentuz ari dira.