Hitzarmena, hogei urtez Unamuno baserriko lursaila zaintzeko

Egoitz Unamuno 2021ko abe. 6a, 09:00
Jose Ramon, Arantza, Ane, Maite eta Luar Unamuno baserriko lursailean.

Unamuno baserriko Arantza eta Jose Ramon Letek euren jabetzako hiru hektarea kudeatzeko hitzarmena sinatu dute Lurgaia Fundazioarekin. Hitzarmen horretan bi aldeek 20 urterako konpromisoa hartu dute lursail horretan bertako basoa haz dadin laguntzeko. 

Lurgaiak lursailean bertako zuhaitz motak landatu eta zaintzeko ardura hartzen du eta lurjabeak, berriz, hitzarmenak zehaztutako epean aktibitate lukratiborik edota mozketa handirik ez egiteko konpromisoa, nahiz eta aukera duen etxerako egurra ateratzeko edota bertan animaliak izateko. Horrez gain, hitzarmena bertan behera laga nahi izanez gero, aukera hori ere aurreikusita dago. 

Etxazpi izeneko lursaila pinudi izandakoa da, eta gaur egun, sasiarekin batera, haritz, lizar, gaztaina eta bestelako landareak datoz. Lurgaiak eta Baso Biziakek landaketak egiteko asmoa dute, umeekin batera. 

Adostasunez

Baldintzak onuragarriak direla iritzita hartu zuten Arantzak eta Jose Ramonek erabakia: "Oso terreno aldapatsuak dira, nahiz garai batean lantzen genituen garia ereiteko... Guk hor egin beharrekoak eginda ditugu. Horregatik berba egin genuen Maiterekin eta Anerekin, eurak direlako etorkizunean lur horien jabe izango direnak eta elkarrekin erabaki dugu pinua edo eukaliptoa sartu beharrean, bertako zuhaitz klaseak sartzea. Udaletxearekin tratua sinatzear ginela Udalak atzera egin zuen eta iaz, Baso Biziakeko kideak etorri zitzaizkigunean, baietza ematea erabaki genuen". Maite eta Ane ere gustura daude: "Lursaila ardura da eta orain lasaiago gaude guk nahi moduan zaintzeko laguntza izango dugula jakinda".