Bertako basoa bultzatzeko ekimenak herrian

Egoitz Unamuno 2021ko abe. 6a, 09:00
Pinadiak eta bertako basoa nahasian, udazkeneko kolore mosaiko ederrean. Argazkia: Fernan Oregi.

Udalak 1999an abiatu zuen Baso bidez ekimen instituzionalari, Baso Biziak elkarteak abiatu duen gizarte ekimenekoa gehitu zaio aurten. Ekimen biek dute helburu bera: herriko mendietan bertako basoa bultzatzea. Udalaren egitasmoak mendigaina hartu du lehentasuntzat eta Baso Biziakenak, berriz, herriko beste eremu batzuk. 

Azken urteotan, pinuaren gaixoak lurrikara eragin du Gipuzkoa eta Bizkaiko mendietan. Pinadiak botatzeko erritmoa nabarmen azkartu da eta horrek ustekabeko eraldaketa ekarri du inguruotako basogintzara. Horrekin batera, pandemiak eta aldaketa klimatikoarekiko kezkak areagotu egin dute basoen eta mendien kudeaketa ereduarekiko kezka. Arriskuak bezala, aukerak ere biderkatu egin dira.  

Testuinguru horretan eta eukaliptoa landatzeak ekar ditzakeen kalteez ohartarazi ostean, eratu zuten iaz herriko naturazale batzuek Soraluzeko Baso Biziak elkartea, aurretik Udalak abiatua zuen Soraluze Baso Bidez egitasmo instituzionalari gizarte ekimenekoa gehituz. Baso Biziak elkarteak herriko hainbat eremutan bertako basoa lotuko duten korridoreak osatzea eta ekimenak herritarren parte-hartze bidez garatzea hartu du lehentasun gisa. Udalak, bere aldetik, Muskiritzun, mendigaineko lurretan, eragitea jarri du lehentasun gisa eta planifikazioan eta finantziazioa bilatzean egingo du ahalegina, parte-hartzea modu puntualagoan bideratuz. Egiteko modu eta estrategia ezberdinak ezarri arren, bai Udalak eta bai Baso Biziak elkarteak elkarren "osagarri" ikusten dituzte bi egitasmoak eta etorkizunean ere elkarlanean jarduteko prestutasuna adierazi dute. Elkarlan hori zela gauzatuko den unean unean erabakiko dute, ekintza bakoitza planteatzerako orduan. 

Muskiritzuko plana 

Azaroaren 16an aurkeztu zuten Iker Aldazabal alkateak eta Mikel Sarriegi Basoinsa enpresako aholkulariak jendaurrean Muskiritzuko* mendilerroko hainbat lursailetan inguru naturalaren eta biodibertsitatearen hobekuntza plana. Plan horretan, mendigainean Udalak dituen 14 lursailen (20 hektarea) egoeraren berri jasotzen da, zehaztuz datozen hamar urteetan bertan burutuko diren aktuazioak zeintzuk eta nolakoak izan behar duten. Horrez gain, udalaren jabetzakoak ez diren gainerako lursailen inbentario zehatza jasotzen du. 

Muskiritzuko lursailen inbentarioa

Muskiritzuko planean jasotzen denaren arabera, Soraluzeko lurrei dagokien mendilerroaren zatian, 60 lursail inguru daude inbentariatuta. Horietatik erdiak Udalaren jabetzakoak dira (arrosaz) edo Soraluze Baso Bidez egitasmoaren baitako hitzarmena sinatuta dago jabeekin (urdinez). Gainerakoak, 21 inguru, lur-jabe pribatuenak dira eta eurek kudeatzen dituzte. Iturria: Basoinsa.

Esku-hartze mistoa

Planak esku-hartze mistoaren bidea proposatzen du, esku-hartze pasiboak (naturari egiten lagatzea) eta esku-hartze aktiboak (landaketak, hesiturak…) uztartuz. Landaketak babesteko hesiturak jartzeaz gain, larre-guneak, otadiak, txilardegiak eta bestelako landaredia babestearen alde egitea gomendatzen du, hainbat animaliaren babesleku direlako. Jarduera horiek burutzeko, datozen 10 urteetan 50.0000 euroko inbertsioa egiteko beharra aurreikusi du planak eta beste 137.000 euro beharko direla inguruko lursail pribatuak erosteko.

"Pauso bat aurrera"

Aldazabalen esanetan, “plan hau erredaktatuta, pauso bat eman dugu aurrera mendigainari balio berezi bat emateko bidean. Azterketa eta ibilbide orri zehatza dugu, batetik, urteotan Udalaren jarduna gidatzeko balioko duena, eta, bestetik, etorkizunean, erakunde eta enpresei proiektua aurkezteko ere balioko du, finantziazioa lortzeari begira. Gainera, azpimarratu nahi dut lan honen kostua, 15.000 euro, Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren dirulaguntza bidez finantzatu dela oso osorik”.

2000 zuhaitz landare

Udalak aurkezpenean iragarri zuenez, urtea amaitzerako, bertako espezietako 2.000 landare inguru sartuko dituzte Udalaren hiru lursailetan: Gizaburuagan (urte hasieran sartu ziren 190), Askabeitin (900) eta mendigaineko Mandoiturri deritzon sailean (800). Haritzak, pagoak, astigarrak, lizarrak, urkiak, oilakaranak , otsalizarrak, basagereziondoak, sagarminak, elorriz zuri eta beltzak… Sartuko dituzte, baso mistoa eratzeko helburuz. Azken bi landaketok, Osuma basolanak enpresak burutuko ditu. Alkateak azpimarratu du landaketok ia bere osotasunean udalaz kanpoko diru-iturri bitartez finantzatuko direla, hurrenez hurren, Lurgaia, Jaurlaritza eta Shaeffler Iberia enpresak (lehenagoko Rodisak) egindako ekarpenei esker. Azken honetan, Udalak %50a ordainduko du.  

Baso Biziaken batzarra

Baso Biziak elkarteak azaroaren 18an egin zuen elkartearen urteko batzarra eta bertan aurkeztu zizkieten bazkideei 2021koaren memoria eta 2022rako aurreikusi dituzten ekimenen ingurukoak. 

Elkarteko ordezkariek elkarteak urtebetean egin duen bidearen berri eman zuten, azpimarratuz, urtebetean elkarteak burutu duen ekintza kopurua, “zeozer egin dugu, ezta?” adierazi zuen Koldo Azkorbebeitia zuzendaritzako kideak. Izan ere, Baso Biziak elkarteak hamabi hilabetean legalki elkartea sortzeaz gain, Azaliatxo eta Unamuno jabeen eta Lurgaia Fundazioaren arteko hitzarmenak bideratu ditu, basogintzari buruzko hitzaldiak antolatu ditu, Udalari proposatu dio bertako basoa duten lursailei zergarik ez kobratzea (udalbatzarrean onartuta dago), bi landaketa eta ezkur bilketak burutu ditu eta garrantzitsuena, bazkide kanpaina azkar bat egin ostean, herritarren babes zabala jaso du, bi-hiru hilabetean 103 bazkide eginda. Bazkide bakoitzak, urtean 60 euroko ekarpena egiten dio elkarteari eta oraingoz, horixe da elkarteak duen diru iturri nagusi eta finko bakarra. 

%27a bertako basoa

Soraluzeko lur azaleraren %65a betetzen dute zuhaitzek eta horretatik %27a (berdez) dira bertako zuhaitzak; gainerakoa, %73a (gorriz), produkziora bideratutako espezieen landaketek osatzen dute (pinua…). Iturria: Baso Biziak Elkartea.  

Lehen lursaila erosi dute Sagar-Errekan

Hain zuzen, bazkideek egindako ekarpenei esker erosi du elkarteak bere lehen lursaila Sagar Erreka aldean. Sei hektarea inguruko saila da (Arregibaso eta Ostegieta baserrien artako sakonunean), duela urte batzuk pinudi izandakoa eta gaur egun haritzak, gaztainak, urkiak, alkaziak eta bestelako zuhaitz espezietako landareak datoz bertan. “Oso toki polita da berez, nahiz eta pinua atera zutenean dezente nahastu zuten, errekatxoa lurrez tapatuz eta abar. Uste dugu potentzial handiko lekua dela eta landaketa batzuek eginda urte batzuen buruan basoa bideratu daitekeela. Gainera, handik metro gutxitara, Bergarako lurretan, eukaliptoa landatu dute eta alde horretatik, muga sinboliko modura ere badu bere garrantzia”.

Erosketa horren harira, elkarteko zuzendaritza-kideek Baso Biziaken estrategia bergogoratu zuten. “Elkartearen asmoa da bertako basoz osatutako korridoreak eratzea, basoak lotuz eta horretarako lursail estrategikoak erosiko ditugu Sagar-Errekan bezela edota lur-jabeekin hitzarmenak sinatu, Azaliatxoko eta Unamuno baserriko jabeekin egin dugun moduan”.  

Antton Alberdi eta Maite Lete Baso Biziak elkarteko kideak elkarteak Sagar Errekan erosi duen lursailean.

Hilean landaketa bat

Datozen hilabeteetarako asmoen berri ere eman zuten, burutuko dituzten ekintzen egutegi zehatza aurkeztuta. Hala, abenduan hasi eta martxora bitartean, hilean landaketa kolektibo bat egingo dute; martxokoa, Udalarekin elkarlanean, umeekin egingo den Zuhaitz Egunari dagokiona. Horrez gain, lehen aldiz, espezie inbaditzaileak erausteko saio bi ere antolatuko dituzte apirilean eta ekainean. Tartean, maiatzean, “jardunaldi pedagogikoak” antolatuko dituzte. Udazkenean berriz, haziak biltzeko deialdiak egingo dituzte. Ekimen horietako asko Lurgaiarekin batera antolatuko dituzte eta herritarrek parte hartu ahal izango dute. Horrekin batera, zuzendaritzakideek adierazi zuten lur-jabeekin hitzarmen gehiago bideratzeko lanean ere badihardutela eta irekita daudela bazkideen aldetik edozein proposamen eta ekarpen jasotzeko.