Durangoko Azokaren 56. edizioa berezia izango da, lehen aldiz, azokak formato digitala eta presentziala uztartuko dituelako. Digitala, online denda, gaur aktibatu dute eta abenduaren 7ra bitartean izango da bertan erosketak egiteko aukera (produktuak aurrez aurreko Azoka amaitu ostean bidaliko dituzte; hau da, abenduaren 9tik aurrera. Gune presentzialak, berriz, bihar zabalduko dituzte eta abenduaren 8ra arte izango dira irekita. Osasun neurriak direla eta, Landako Gunean eta Plateruenan sartzeko, aurrez lekua erreserbatu beharko da DurangokoAzoka.eus atarian. Gainerako guneetan (Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea Literatura, Saguganbara, Talaia) sartzeko, ez da aurrez izenik eman beharko.
Uzta eta egitarau oparoa
Aurtengo azokan, guztira 990 kultura lan berri izango dira 219 erakusmahaitan banatuta. Horrekin batera, datozen bost egunetan musika kontzertuak, aurkezpenak, proiekzioak, eta bestelako ekitaldi ugari antolatu dituzte (kontsultatu egitaraua). Ahotseneako kontzertuak eta Landako Guneko Areto Nagusiko ekitaldiak online ere jarraitu ahalko dira webgunetik.
Debabarreneko aleak
Aurten, Debabarreneko idazle, musikari eta argitaletxeek ondutako 23 liburu eta disko baino gehiago izango dira azokan; tartean, eleberriak, poema liburuak, album ilustratu bat, itzulpenak, eta baita rock, folk eta jazz diskoak ere. Ondorengoa da DKT-k, Debabarreneko Komunikazio Taldeak, osatu ahal izan duen zerrenda: