Ondo, orokorrean

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 3a, 11:27

Ganaduzaleak eta udal ordezkariak atzoko batzarrean.

Atzo, eguena, Gaztañerre azoka baloratzeko batzarra egin zen udaletxean. Lau baserritar besterik ez zen bertaratu, ganaduzaleak guztiak ere. Bileran esan zutenez, oro har, euren ustez ondo joan da aurtengo Gaztañerre azoka, bestetan baino jende gutxixeagorekin, hori bai. Hobetzekoen artean, berriz, komentatu zuten gustukoago dutela bazkaria azoka egunean bertan egin eta ez aurtengo moduan.

Izan ere, aurten, Gaztañerre egunean bertan bazkaltzeko lekurik ez zegoela-eta, erabaki zuten azokako partaideen bazkaria hurrengo astean egitea. Bada, atzoko batzarrera bertaratu zirenek, behintzat, nahiago dute egunean bertan egin, nahiz eta 16:00etan joan bazkaltzera.

Hobetzeko bestelakoen artean, berriz, mahai-gaineratu zuten saltokietara eraman beharreko produktuek bete beharreko araudia azokako partaide guztiek bete beharko luketela. Araudi horrek dio, besteak beste, azokan salgai egon behar diren produktuak norberak ekoitzi behar dituela eta lege ziurtagiria behar dutela. 

Aurten, pare bat gorabehera

Aurtengo azokan, pare bat gorabehera izan dira zentzu horretan. Labur esanda, saltzaile batek salgai jarri zuen berak ekoitzi ez zuen produktu bat eta beste saltoki batean legeak eskatutako ziurtagiri bako produktuak izan ziren salgai. Bi kasuetan, kexuak egon dira bestelako ekoizleengandik eta halakoak onbideratu egin behar direla adostu zen batzarrean.

Osterantzean, atzo bertaratutakoek komentatu zuten aurtengo azokan beste urte batzuetan baino jende gutxixeago sumatu dutela; azokaren hasiera ordutegia 10:00etan izatea ondo ikusten dutela eta besteak beste, bisitariak azokaren azken ordura arte Erregetxean gera daitezen lortzeko zerbait egitea komeni dela. 

Azkenik, komentatu zen aurten barazkigile gutxi izan zirela Gaztañerre azokan.