Gaur hasiko dira Euskararen Egunaren bueltako ekitaldiak herrian

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 2a, 11:47

2019ko Euskararen Egunean ateratako talde argazkia.

Bihar, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, egunotan, beronen bueltako hainbat ekitaldi egingo dira herrian. Gaur, eguena, gurasoei zuzendutako bi hitzaldi izango dira. Bihar, berriz, eguraldiak lagunduz gero, Plaentxi Eskolako ikasleen kalejira izango da, institutuko ikasleek ikastetxean ospatuko dute eguna eta iluntzean, euskarazko film emanaldia izango da, Hil kanpaiak thriller ezagunarena.

Gaurko hitzaldiei dagokienez, lehena gazteleraz izango da, Disfrutando de los idiomas izenburua du eta 17:00etan eskainiko dute. Bigarrena, berriz, euskarazkoa, Euskara bidegurutzean: eleaniztasuna eta hizkuntza ohiturak, zela lagundu seme-alabei? 18:30ean hasiko da. Herriko antzokian dira biak.

Kalejira edo disko-festa

Euskararen Nazioarteko Egunari begira, berriz, Plaentxi Eskolan gaur arratsaldean erabakiko dute zer egin. Izan ere, eguraldiak lagunduz gero, 14:30ean herriaren erdigunetik kalejira egingo dute ikasleek, umeek eurek landutako musika instrumentu eta guzti. Eta amaieran txokolatada egingo dute eskolan.

Euria bada, berriz, eskolan ospatuko dute Euskararen Eguna, ikasgeletan disko festa eginez eta ondoren, txokolatada. 

Bestalde, Institutuko ikasleek ikastetxe barruan ospatuko dute gure hizkuntzaren eguna; musikaz girotuko dute ikastetxerako sarrera ordua eta bestelako ekitaldi batzuk ere egingo dituzte ikastetxean bertan. 

Horrez gain, Soraluzeko Udalak ere bat egingo du Euskararen Egunarekin eta adierazpen instituzionala kaleratuko du eta pankarta jarriko dute. 

Azkenik, iluntzean, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartearen ekimenez, Hil kanpaiak euskarazko thriller arrakastatsua proiektatuko dute antzokian, 20:00etan hasita. Elkarteak dei egin die herriko euskaltzaleei, antzokira joan daitezen.