Umeendako protokolo berria eta positiboak gorantz

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 1a, 11:50

Atzo, martitzena, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen aldatu egin dutela COVID-19 atzemateko eskoletako protokoloa. Aurrerantzean, ikasle batek positibo emanez gero, haren ikaskideek ez dute aztarnariaren deiaren zain egon behar probak egiteko, eskolatik bidaliko dizkiete gurasoei Osakidetzatik bidalitako jakinarazpena. Bestalde, anbulatorioan arduratuta daude etengabe handitzen doalako positibo kopurua. Eta Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera aktibatuko du Gorenak baimena eman bezain laster.

Aurrerantzean, ikastetxeko ikasleren batek positibo ematen badu, honakoa izango da protokoloa berria:

  • 1- Tokian tokiko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) ordezkari batek mezua bidaliko dio ikastetxeari jarraibideekin. Ikastetxeak mezu hori birbidali egingo die positiboarekin kontaktu zuzena izan duten ikaskideen gurasoei.
  • 2- Horren ondoren, gurasoak mezu horrekin anbulatorioko harrera joan behar dira eta han COVID-19 koronabirusa detektatzeko probak egiteko KITa emango diete. Izan ere, aurrerantzean, listu bidezko probak egingo dira birusa detektatzeko.
  • 3- KIT horrekin, etxean listu proba hartu beharko da.
  • 4- Hurrengo egunean, listu-proba osasun zentrora eraman beharko da, haiek laborategira bidal dezaten. 

Anbulatoriotik esandakoaren arabera, gaur arratsaldean, eguaztena, ailegatuko zaizkie KIT horiek.   

Lau positibo berri, gutxienez

Bestalde, anbulatoriotik jakinarazi dute aste honetan ere ari direla positibo berriak azaltzen eta arduratuta daude egoerarekin. Gutxienez, lau positibo berri azaldu dira. Edozelan ere, bihar, eguena, eguneratuko dituzte datuak.

Gaur egungo egoerari dagokionez, berriz, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du berriro ere aktibatuko duela irailaren 6an bertan behera laga zuten osasun larrialdi egoera. Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain daude indarrean jartzeko. Horrekin batera, berriro ere aktibatuko dute LABI batzordea.