Hasi dira Gabonetako apaingarriak ipintzen

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 1a, 10:00

Olentzerorendako eta Mari Domingirendako etxola.

Atzo, martitzena, hasi ziren Gabonetako apaingarriak jartzen erdigunean. Plaza Berrian muntatzen ari dira Olentzerorendako eta Mari Domingirendako etxola eta horrez gainera, Gabonetako argiak ipintzen ere hasi dira. Bihar, berriz, Gabonetako arbola ekarriko dute, eguraldiak lagatzen badu. Piztuera ekitaldiari dagokionez, abenduaren 10ean izango da. 

 

Gabonetako argiei dagokienez, Bizikale merkatari elkartearen eskutik ekarriko dituzte. Iazkoen antzerakoak izango dira Bizikaleko bazkideen negozioen kanpoko aldeko kaleetan jarriko dituzte, erdigunean batik bat, aurten, Gila eta Gaztelupe kanpoan ere ipiniko bai. Piztuera ekitaldiari dagokionez, abenduaren 10ean da hitzordua, 19:00etan, Plaza Berrian.

Horrez gainera, hainbat ekitaldi egingo ditu Bizikalek herriko giroa pizteko. Abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra bitartean, WipeOut tiobibo-puzgarria ekarriko dute Plaza Zaharreko karpan ipintzeko. 

Halaber, asmoa dute umeei zuzendutako bestelako ekitaldiren bat antolatzeko ere jai-egun horietarako. Eta eskaintza borobiltzeko, herriko saltokietan, artisauetan eta tabernetan gastatzeko deskontu-bonuak zozkatuko dituzte herritarren artean, Udalarekin batera irailean ateratako bonuen soberakinak.