Senidez inguratuta ospatu ditu 100 urteak Martina Zubizarretak

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 30a, 17:41

Gaur, azaroak 30, Martina Zubizarretak 100 urte bete ditu. Halako urteurren berezian, Itxaropena Nagusien Elkarteko eta Soraluzeko Udaletxeko ordezkariak bisitan joan zaizkio etxera, opari eta guzti. Emakumeak pozik hartu ditu guztiak eta kontatu du ez zuela “espero” 100 urte hartzea.

Alabak eta suhia inguruan zituela, 100 zenbakia globo erraldoiz irudikatuta eta protagonista bera dotore asko zegoela hartu ditu etxean ezohiko bisitariak Martina Zubizarretak, gaur, 100 urte bete dituen egunean.

Batetik, Itxaropena Nagusien Elkarteko ordezkari Gonzalo Portu eta Mari Cruz Arizaga joan zaizkio etxera, loreak eta kolonia opari. 

Bestetik, Iker Aldazabal eta Ramon Gallastegi udal ordezkariak ere izan dira Zubizarretarekin. Kasu horretan, loreak eta herriaren erdigunea irudikatzen duen metalezko oroigarria eraman dizkiote, azken hori Alfa Artek egindakoa eta mendeurrena betetzen duten herritarrei ematen zaien opari berezia, alkateak esplikatu duenez.

Martina Zubizarreta bera pozik antzematen zen, “goizean goizetik dago pozik” alabek kontatu dutenez. Eta berak esan duenez, ez zuen espero 100 urte hartzea.

Kontuak kontu, opariak-eta zabaldu ondoren, guztiek elkarrekin ospatu dute soraluzetarraren mendeurrena, xanpain eta guzti.