Izpi yoga zentroa abian

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 30a, 12:10

Barikuan, lagun asko elkartu zen Estaziñoko lehenagoko bodegan, bertan egokitu duten yoga zentro berria inauguratzeko. Amaia Amor yoga gidariak esandakoaren arabera, “oso ondo” joan zen inaugurazioa, “gustura eta urduri” egon zen bera. Izpi izenarekin, astelehenetik barikura arteko eskaintza dauka herriko yoga zentro berriak, ordutegia zabaltzeko asmoarekin. 

Bariku iluntzean inauguratu zuten herriko yoga zentro berria. Lehenagoko bodega egokitu dute horretarako. Orain, areto handi bat, beste txikiago bat, aldagelak eta komunak ditu, bertaratzen diren yogiendako. 

Eskaintza zabala

Amaia Amor soraluzetarrak gidatuta, Izpi yoga zentroak dagoeneko beteta ditu astelehen eta eguazten goizetako eskaintzak, 09:00etatik 10:30ak artekoa. Dena den, aukera zabala eskaini du zentroak eta astelehenetan eta eguaztenetan, arratsaldez ere bada yoga egiteko aukera, 19:00etatik 20:30era; martitzenetan eta eguenean, berriz, 11:00etatik 12:30ak arte eta 18:00etatik 19:30ak arteko aukera dago eta barikutan, 17:00etatik 18:30ak arte.

Gainera, Amaia Amorrek iragarri duenez, ordutegi gehiago ditu oraindik zehazteko.