Pentsioak Errebalorizatzeko Lege Proiektua "zaborretara"

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 30a, 09:10

35 herritar inguruk babestu zuten pentsioen aldeko elkarretaratzea, atzo, astelehena.

Atzo, astelehena, Pentsioak Errebalorizatzeko Lege Proiektua “zaborretara” bota zuten pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean. Salatu zutenez, erreforma horrek ez du pentsioen duintasuna bermatzen, ezta ere genero arrakalaren aurkako neurririk hartzen eta besteak beste, 40 urtetik gorako kotizazioak dituzten langileen zigorrei eusten die. Bestalde, bihar, abenduak 1, manifestazioa egingo dute, Eibarren.

Plaza Zaharreko karpapean egin zuten atzoko elkarretaratzea. 35 bat lagun elkartu ziren. Salatu zutenez, joan den azaroaren 22an PSOEren, Podemosen, ERCren, Compromisen eta EAJren aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta PPren, VOXen, Ciudadanosen eta CUPen kontrako botoekin onartu zuten Pentsioak Errebalorizatzeko Lege Proiektuak ez ditu bermatzen pentsioen mugimenduen aldarrikapenak, honakoak, zehazki:

  • Ez du bermatzen pentsioen erosahalmenari eustea
  • Indarrean dauden murrizketak finkatzen ditu
  • 1.080 eurotik oso beherako gutxieneko pentsio miserableak iraunarazten ditu
  • Ez du genero-arrakalaren aurkako neurririk hartzen
  • 40 urtetik gorako kotizazio-karrerak dituzten langileen zigorrei eusten die
  • Erretiro aurreratua zigortzen du
  • Pentsio Publikoen Sistemaren pribatizazioa sustatzen du.

Horregatik guztiagatik, atzoko elkarretaratzean, “zaborretara” bota zuten lege proiektu hori. 

Bihar manifestazioa

Gaineratu zuten ondo pentsatzen zaiela Gizarte Segurantzaren kontuen auditoria egitea baina uste dute “berehala gauzatu” beharko litzatekeela Kontuen Epaitegiaren txostena, horren arabera 104.000 milioi euro itzuli behar zaizkio Gizarte Segurantzari, gobernuek "desegokitzat" jotzen diren beste gastu batzuk ordaintzeko erabiltzen baitituzte.

Bestalde, bihar, abenduak 1, manifestazioa egingo dute Eibarren eta beste 28 eskualdetan. Eibarkoa, 18:00etan abiatuko da Untzaga plazatik.