Odol emaile eskuzabalei aitortza

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 29a, 12:08

Atzo, domeka, Soraluzeko odol emaile eskuzabalei intsigniak eta diplomak eman zizkieten Itxaropena Nagusien Elkartean, iazko eta aurtengo emaileei. Batek gainera, Arantzazu Mendikute Usatorrek diploma berezia jaso zuen, 60 aldiz odola ematearren. Bestalde, barikuan egin zituzten aurtengo azkeneko odol ateratzeak, baina emaile gutxi bertaratu zen: 26. 

Odola 25, 40, 50 edo 60 bider eman dutenei aitortza egitea izan zen atzoko ekitaldiaren helburua. Bestelako urte batzuetan, Eibarren egin izan dute ekitaldi hori, eskualde mailako ordezkari guztiekin, baina pandemia dela-eta, iaz ez zen egin eta aurten norbere herrian egitea erabaki zuten.

Soraluzen, 11:30ean elkartu ziren ekitaldirako Itxaropena Nagusien Elkartean. Omendutakoen artean, nabarmentzekoa da Arantzazu Mendikute Usatorrek diploma berezia jaso zuela, odola 60 aldiz ematearren. 

Hori berez zaila bada, zailagoa da emakume batendako; izan ere, gizonek urtean lau bider eman dezakete odola eta emakumeek, berriz, hiru. Bide batez, Mendikuteren datuaren harira zuzenketa egin zuten, aldez aurretik iragarri baitzuten Mendikutek 40 aldiz eman duela odola.

Kontuak kontu, bertaratu zirenek gustura eskuratu zituzten diplomak eta intsigniak eta haiek jaso eta argazkiak atera ondoren, hamaiketakoa egin zuten elkarrekin.