Ura gainezka Iruren

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 29a, 10:09

Azken egunotako euri ugariaren eraginez, inguruko ibaiak eta errekastoak hazi-hazita datoz. Soraluzen, zorionez, ez da ezustekorik gertatu. Deba ibaiak ubidea alderik alde hartu duen arren, ez da bidetik irten. Urak gainezka egin du, berriz, Iruren, eta, Eitzagan luizia gertatu da. Inguruko herrietan, berriz, gaur goizeko lehen orduan Deba ibaia bere bidetik irtenda zegoen Bergaran eta baita Elgoibarren eta Mendaron ere. Uholde Arriskurako Plan Bereziak larrialdi fasean jarraitzen du. 

Goizean, udal langileak, udaltzaingoa zein alkatea Irure auzora bertaratu dira, egoera bertatik bertara ikustera. Izan ere, han gainezka egin du urak eta zelaitik behera etorri da, auzoko errepideraino. Osterantzean, besteak beste, Eitzagan luizia gertatu da; zelai pusketa bat jausi da errepidera, baina txikia izan da luizia eta ez dio errepideari eragiten.

Deba ibaiari dagokionez, berriz, ikusgarri dator, indartsu, ur emari handiarekin eta ubidearen bazterrak, normalean bistan daudenak, urpean ageri dira gaur. Euskalmeten arabera, atzo, adibidez, San Prudentzioko estazio meteorologikoan neurtu zutenez, 44,5 l/m2 egin zituen. Edozelan ere, adituen arabera, moteltzera egingo du euriak, batik bat, gaur arratsaldean.