Xumea baina kariñoz egindakoa

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 28a, 09:01

Nahi baino xumeagoa eta txikiagoa izan zen atzo, zapatua egindako 80 urtetik gorakoen omenaldia. Pandemia tarteko, aurten omendutako bi nagusiak eta haien senideak izan ziren Itxaropena Nagusien Elkarteko ekitaldian, udal ordezkariekin eta Itxaropena elkarteko zuzendaritzako kideekin batera. Hala ere, Pilar Elortza Elkorok (94 urte, "ia ehun" bere esanetan) eta Benito Oregi Leturiondok (92 urte) esan zuten "pozik" bertaratu direla. 

Atzo, senitartekoek inguratuta jaso zituzten opariak Benito Oregik eta Pilar Elortzak. Gizonari txapela eta bere argazki bat bertsoz lagunduta eman zioten eta emakumeari, berriz, Kilikilimak egindako lepoko zapia eta bere argazki bat bertsoz lagunduta.

"Duintasunez eta zintzotasunez"

Lina Olaizola Itxaropena elkarteko zuzendaritzako kideak helarazi zien mezua, besteak beste, honakoa esanez: “Zuek, Pilar eta Benitok, bizitza luze eta oparua izan dozue. Ez daukagu dudarik dan-danetik ezagutu dozuela zeuen bizitzetan: tristuria eta poza, malkuak eta barre-algarak, gabeziak eta oparotasuna, bakardadia eta konpainia, osasuna eta gaixotasuna, nahixa eta eziña… Eta oztopo guztiei aurre eitxen jakin dozue, duintasunez eta zintzotasunez”.

Bi omenduei eskainitako bertsoak, berriz, honakoak izan ziren:

Zorionak Pilar                                                           
ta pare bat muxu.
Larogeta hamalau ere         
beteta dituzu.

Gauza bat oso garbi
izan dezakezu.
Bizitza maite duzu
eta bizitzak zu

 

Benito zurea da
adin aproposa
badakizu bizitza
zein modutan goza

Organu jakintsua 
da zure bihotza
goizero berritzen du
zure bizipoza

Opari-emateak-eta bukatutakoan, mahaiaren bueltan eseri ziren guztiak, hamaiketako gozoa egiteko.