"Ondo" joan zen Local Friday azoka

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 27a, 11:57

Black Fridayri aurre egiteko eta bertako saltokietan erostea bultzatzeko, atzo, barikua, Local Friday ekimena egin zuten Bizikaleko hainbat saltokik. Norbere saltokiko produktuak Plaza Zaharrera atera eta musikaz girotuta, goizetik iluntzera arte egon ziren azoka berezian. Oro har, ekimena “ondo” joan zela diote Bizikaletik.

Atzo, dotore erakutsi zituzten saltokiek Local Fridayrako prestatutako erakusleiho bereziak. Eskaintza berezi eta guzti, Plaza Zaharreko karparen bueltan jarritako mahaietan ipini zituzten dendetako produktuetako asko, modu erakargarrian.

Kontatu zutenez, goizean izan zen herritarren mugimendua azokan. Arratsaldean, berriz, ez horrenbeste. “Eguraldiarengatik ez zen horrenbeste jende egon, baina saltzaileak pozik daude egon zenarekin, beraz, azoka ondo joan zen”, esan dute Bizikaletik.

Zozketako irabazleak

Local Fridayn, unerik jendetsuena bonuen zozketaren momentua izan zen. Herriko saltokietan gastatzeko 20 euroko bost bonu zozkatu zituen Bizikalek. Honako hauek izan ziren irabazleak: Josu Martin, Jone Blanco, Esther Iñurrieta, Christian Cortes eta Belen Oruesagasti.