Zazpi positibo, horietatik lau ospitaleratuta

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 26a, 13:01

Azken egunotan, nabarmen egin du okerrera COVID-19 koronabirusarekin lotutako herriko egoerak.  Anbulatoriotik emandako datuen arabera, une honetan zazpi herrikide daude positibo direnak, horietatik lau ospitaleratuta. Gainera, PCRak zein antigeno probak egiteko txandak agortuta daude domekara arte eta astelehenera arte. Eta aztarnariak ere atzerapen handiarekin dabiltza. Debabarrenari dagokionez, oro har, datuek nabarmen egin dute gora eskualde osoan. 

Lau ospitaleratu gehi beste hiru positibo. Horiexek dira aste honetan Soraluzeko anbulatorioan kontabilizatu dituzten datuak. Emandako xehetasunen arabera, ospitaleratutakoen artean, guztiak daude Mendarokoan. Beraz, ez dute inor ZIUan sartu. “Horrek erakusten du txertoek badutela eragina, inor ez baitugu ZIUn ospitaleratu behar izan”, diote anbulatoriotik.

Edozelan ere, oraingo egoeraren aurrean, kezka handia partekatu dute. Positiboak bizkor ugaritzeaz gainera, kontatu dute PCRa egiteko hitzordua zuten hainbat ez direla proba egitera joan. “Ez dakite positibo diren ala ez eta gero aiton-amonengana… joaten dira. Gainera, PCRak egiteko txandak okupatzen dituzte eta kontuan hartu behar da orain, adibidez, astelehenera arte ez dagoela txandarik PCRak egiteko eta domekara arte ez dagoela txandarik antigeno probak egiteko”. 

Aztarnariak gainezka

Horrekin batera, jakinarazi dute aztarnariak atzerapen handiarekin ari direla positiboen kontaktu zuzenekin harremanetan jartzen, egoera hobetu zenean, horietako asko kalera bota zituztelako. Gaur egun, 7-8 bat egun tardatzen dute kontaktu zuzenekin harremanetan jartzen eta noski, horrek ez du laguntzen egoerari aurre egiten. 

Datuekin segituz, Debabarrenari dagokionez, eskualdean ere egoera okertzen doa, nabarmen, gainera. Ia 1.000ko intzidentzia-tasa du Eibarrek, Elgoibar ere bide horretatik doa eta Mendarok 1.300eko langa gainditu du. 

Hona hemen azaroaren 18tik 24ra bitarteko datuak, herriz herri. 

  • Eibar  166    997,31    
  • Elgoibar  40    727,90
  • Mendaro  17   1323,88
  • Deba  11     256,74
  • Mutriku   13  545,73
  • Soraluze 7   176,14
  • Debabarrena 254