Txelo kontzertua gaur Arranoan

Egoitz Unamuno 2021ko aza. 26a, 15:37

Eñaut Zubizarreta 'Trigger'. Iturria: Berria.eus / MONIKA DEL VALLE / FOKU

Eñaut Zubizarreta Trigger  txelista bakarlariak Poliedro Vol. I lana aurkeztuko du gaur Arrano tabernan. Munduan zehar txeloa ulertzeko dauden ikuskera berriak ikertu eta Euskal Herrira ekarri dituen lana da atxabaltarrarena; bilontxeloa gaur eguneko musiketara egokitua. Kontzertua arratsaldeko 20:00etan hasiko da.

Musikari berezia da Trigger, lehenik eta behin txeloarekin antzokietatik kanpo emanaldiak eskaintzen dituelako eta bestetik, bere txeloa jotzeko modua ezohikoa delako. Izan ere, Triggerrek ikasketa klasikoak eta rocketik eratorritako doinuen interpretazioak uztartzen ditu, munduko hainbat lurraldetako txelistengandik jaso dituen hainbat teknikarekin batera. 

Emaitza 19 abestiz osatutako Poliedro Vol. I diskoa da, "forma eta kolore anitzekoa". Bertan aurki daitezke metala, post-rocka edo drum bassa besteak beste; bakarka, kamara formatuan, zein loop eta efektu pedalekin.

Aldi berean, proiektu pedagogikoa ere bada Zubizarretarena, izan ere, erabaki zuen obra guztien partiturak eta hauek interpretatu ahal izateko jarraibide metodologikoak liburu formatuan argitaratzea, "bidean ikasitakoak komunitatearekin elkarbanatzea oinarrizko premisa" hartuta.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.