Lapurretak bi harategitan

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 24a, 09:11
Erakusleihoko kristala apurtuta.

Gaur gauean, lapurretan egin dute Marimar harategian. Santa Ana kalera begira duen erakusleihoaren kristala apurtuta sartu dira barrura. Dirua eta hainbat produktu eraman dizkiete. Bestalde, joan den astean, Etxabe harategian egin zuten lapurretan eta atzo berriro ere ahalegindu ziren.

Gaur, goizeko seiak aldera, harategira lanera joan denean ikusi du Marimar Dezak harategiko kristala apurtuta zuela. Poliziari deitu eta barrura sartu direnean, antzeman dute dendan zituzten kanbio apurrak zein bertan zeuden produktu gutxi batzuk -urdai azpikoren bat…- falta zirela.

Deigarria da lapurrak leihotik sartu izana zauririk egin gabe. Ertzaintzak hala komentatu dio ugazabari. Izan ere, apurtutako leihoaren kristal pusketa handiak bertan laga dituzte, zintzilik eta leihoa bera ez da oso handia ere. Baina bertatik sartu direla baieztatu dute, harategiko gainerako sarbideek itxita segitzen baitzuten. 

Orain, harategia itxita dago. Harik eta salaketa aurkeztu arte horrela egongo da. 

Bestalde, Etxabe harategian ere sartzen ahalegindu dira gaur gauean, baina han ez dute atea zabaltzerik lortu. Iñaki Etxabe harakinak sarrailak aldatu berri zituen, joan den asteko eguenean berari egin baitzioten lapurreta eta oraingoan lapurrek ez dute lortu aterik zabaltzerik.

Etxaberen kasuan, joan den eguenean, 23:30ean sartu ziren lapurrak, harakinaren kamerak grabatutakoaren arabera. Bi mutil izan ziren, baina oraingoz ez dute lortu haiek identifikatzerik. Etxaberenean ere bertan zeuden kanbioak lapurtu zituzten eta loteria dezimo batzuk. Etxabek atzo, martitzena, aurkeztu zuen salaketa.