28 argazkilari izan ziren Kontrargiren XXXII. Argazki Rallyan

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 23a, 18:17

Joan den domekan, azaroaren 21ean, Kontrargi Argazki Kolektiboaren XXXII. Argazki Rallya egin zen Soraluzen. Guztira, 28 argazkilarik hartu zuen parte. Nabarmentzekoa da donostiarren (10) eta bizkaitarren (6) kopurua. Debarroa, berriz, hiru lagunek ordezkatu zuten. Saridunak zeintzuk diren abenduaren 11n erabakiko dute eta sariak, berriz, Gabon inguruan banatuko dituzte.

Domekan, 08:30etik aurrera, herrian gora eta behera ibili ziren Kontrargiren Argazki Rallyan parte hartu zuten 28 argazkilariak. Honako gaien araberako argazkiak ateratzea zuten helburu: aztarnak, txoko xarmagarria, patxada, Mendiolako industrialdea eta bezeroak.

Argazkilariek nahi edo ahal beste argazki atera ondoren, haiek Kontrargiren ordenagailuan deskargatu zituzten, 14:00etarako. Ondoren, azaroaren 28rako bidali beharko dituzte norberak aukeratutakoak, posta elektronikoz kontrargi@hotmail.es helbidera eta epaimahaiak abenduaren 11n, 17:00etan jakiaraziko du erabakia.

Bost sari banatuko dituzte: 

  • 120 euro lehen multzorik onenarendako
  • 90 euro bigarren multzorik onenarendako
  • 70 euro hirugarren multzorik onenarendako
  • 70 euro herriko onenarendako
  • 50 eurotako bonua eta saria gazte onenarendako (16 urtera arte) 

Sari banaketa, berriz, Gabon inguruan egingo dute.

Hamaiketako onenaren saria

Bestalde, Kontrargitik kontatu dute domekan une "polita" bizi izan zutela: "Momentu oso polita bizi zen eguerdi aldera: 2019.ean KONTRARGIk irabazi zuen Herriz Herriko Rallyen hamaiketako onenaren saria baina, COVID-19a zela eta, iaz ezin izan zuten jaso, eta aurten eman zioten. Txoko tabernako Txarok, Luckyk eta Maitanek ere bertaratutakoen txalo beroak jaso zituzten, "irabazitako merituengatik"", kontatu dute Kontrargitik.