Emakume adinduek ez dute “isilik jarraitu nahi indarkeria mota guztiak jasaten”

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 23a, 11:03

40 herritar baino gehiago elkartu ziren atzoko protesta ekimenean. Argazkia: Aidor Aizpuru.

Azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Horixe izan zuten gogoan atzo, astelehena, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean, gogora ekarriz, adineko emakumeak ez daudela “genero-indarkeriatik salbu”. Besteak beste, salatu zuten “bizi garen sistema patriarkala gizonek emakumeek baino gehiago balio duten ideian oinarritzen” dela. Dei egin zuten eguenean, indarkeria matxista salatzeko egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko.

Atzoko elkarretaratzean salatu zutenez, “askotan, familian eta gizartean, baita asistentzia-guneetan ere, tratu txar psikologikoak” jasaten dituzte: “umiliazioak, sinesgarritasun falta, irainak, diruaren kontrola, abandonua, isolamendua, etab”. Gaineratu zuten tratu txar fisikoetatik ere ez daudela salbu: “Askotan, duela urte askotatik jasaten dugu indarkeria, isilean, hitz egiteko edo salatzeko beldurrez”. 

Eta pairatzen duten “indarkeria ekonomikoa” ere salatu zuten. Euskal Herriko emakume askok kotizazio gabeko 400 euroko pentsioak dituzte; 63.000 alargunek 1.080 euro baino gutxiago kobratzen dute eta horietatik laurdenek 700 euro baino gutxiago.

Pentsioen erreforman neurririk ez

Horrekin batera adierazi zuten negoziatzen ari diren pentsioen erreformak ahaztu egiten dituela emakume pentsiodunak. “Ez dago neurrik soldatetan eta pentsioetan genero-arrakala desagerrarazteko. Ez da alarguntza-pentsioa aipatzen, ezta emakume asko miseriatik ateratzeko behar den gutxieneko pentsioa ere”.

Oro har, uste dute emakumeak “baliotsuak” direla eta ez dute “gehiago isilik jarraitu nahi indarkeria mota guztiak jasaten”. Horregatik dei egin dute ostegunean, indarkeria matxistaren kontrako egunean egingo diren protesta elkarretaratzeetan parte hartzeko. Soraluzen, 19:00etan egin dute hitzordua, Plaza Berrian.  

Atzoko elkarretaratzean 43 bat lagunek parte hartu zuen.