Inazibar desokupatuta

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 21a, 13:13

Atzo, zapatua, Inazibar lursaila desokupatu eta gunea garbitzen hasi ziren, egurrezko hondakinak-eta errez. Horrekin batera, ibilgailu bat atera zuten lursailetik eta baita pare bat hozkailu ere, besteak beste. Datozen egunotan, bertako sastrakak-eta kendu eta ingurua txukunduko dute. Horren ondoren, aisialdi gune izateko arrapala eta bestelakoak jarriko dituzte. 

Gaia hiru hilabetez epaitegietan izan ondoren, atzo, 09:00etarako joan ziren Inazibar lursaila desokupatzera epailearen baimenarekin. Iker Aldazabal alkatea, Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu ziren, baita ere, azken 25 urteotan lursaila erabili dutenetako hainbat lagun. 

Azken horiek arduratu ziren Inazibarren zeuden bi pottokak eramateaz eta behin lursaila libre lagata, Inazibar garbitzeari ekin zion horretarako kontratatutako enpresako langileek. Egurrak eta egurrez egindako hondakinak bertan erre zituzten. Metalezkoak, berriz, atera eta eraman. 

Behin lursaila hondakinez garbituta, herriko berdeguneen zaintzaz arduratzen den Macay enpresako langileek txukunduko dute guztia. 

9.000 euroko inbertsioa

2.500 metro karratu ditu Inazibarrek. Udalak 2019an erosi zion berau jabeen oinordekoei 1.000 eurotan eta 9.000 euroko inbertsioa egingo du aisialdi-gune modura egokitzeko. Finantzazio osoa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailetik eskuratuko du Udalak, ibai ertzak berreskuratzeko egitasmoa izatearren. 

Iker Aldazabal alkateak oso modu positiboan baloratu du Inazibar desokupatu izana: “2015ean, alkate sartu nintzenetik neukan buruan inguru hura berreskuratzea herriarendako. Uste dut beste espazio bat irabazi dugula herritarrendako, espazio ederra, gainera, bidegorrian eta ibai ertzean baitago”.