Behera egin dute positiboek

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 19a, 09:34

Atzo, eguena, eguneratutako datuen arabera, Soraluzen, COVID-19 koronabirusa detektatzeko probetan positibo eman duten hiru herritar daude. Asteleheneko datuekin alderatuta, positibo bat gutxiago da, azken hiru egunotan ez baitute positibo berririk atzeman. Hala ere, irizpide berrien arabera, Soraluze eremu gorrian dago. Debabarrenean, berriz, nabarmen egin dute gora datuek.

Atzoko datuen arabera eta joera orokorraren kontrara, astelehenean baino positibo bat gutxiago kontabilizatu dute Soraluzen. Hala ere, intzidentzia-tasa metatua ez da jaitsi oraindik, azken 14 egunotako datuek eragiten baitute zifra horretan. 

Horrenbestez, intzidentzia 150,98koa da eta Jaurlaritzaren irizpide berrien arabera, Soraluze eremu gorrian dago. Orain arte, 400dik gorako intzidentzia zuten 5.000 biztanletik gorako udalerriak sartzen ziren eremu gorrian. Orain, berriz, 150eko intzidentzia gainditzen duen edozein udalerri sartzen dute eremu gorrian.

Kontuak kontu, positibo kopurua moduan, herriko intzidentzia-metatua ere Euskal Autonomia Erkidegokoarena baino dezente baxuagoa da, EAEkoa 232,08koa baita. 

Eskualdean gora eta gora

Debabarrenean, berriz, goranzko joera nabarmena hartu dute datuek. Eibarren, astelehenetik eguaztenera bitartean, 22 positibo berri atzeman dituzte eta kopuru osoak 100 positiboren langa gainditu egin du. Elgoibarren eta Mutrikun bikoiztu egin da positibo kopurua eta Soraluzen izan ezik beste herri guztietan gora egin dute positiboek. 

Hona hemen azaroaren 11tik 17ra bitarteko datuak, herriz herri:

  • Eibar   108     505,93
  • Elgoibar  44    450,61
  • Mendaro 11    614,66
  • Deba   3          73,35
  • Mutriku 16      338,73
  • Soraluze 3     150,98
  • Debabarrena 185