Gazte bat atxilotu dute, etxe batera sartzen ahalegindu izanaz akusatuta

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 18a, 17:24

Udaltzaina gazteari galderak egiten, gaur goizean.

Gaur, 08:30ak aldera, 26 urteko gazte bat atxilotu du Udaltzaingoak Txurrukeneko autobus geltokian. Salaketaren arabera, Errekalde kaleko etxe batera sartzen ahalegindu da. Udaltzaingotik emandako xehetasunen arabera, etxeko bizilagunari dokumentazioa eta etxeko giltzak lapurtu zizkioten autotik Arrasaten, eta, gaur, ustez, giltza horiek erabilita ahalegindu da mutila soraluzetarraren etxe barrura sartzen.

Etxeko bizilagunak kontatu duenez, gaur goizean, etxeko txirrina jo dio norbaitek. Balkoira atera da eta ez duenez inor ikusi ez du kasurik egin. Baina, orduan, zarata igarri du etxeko atean. Behatxulotik begiratu eta gazte bat ikusi du, giltza sarrailan sartu nahian. Antza gazteak ere sumatu du bera ze burua jaso eta bizilaguna ikusi du berari begira. Orduan, gaztea joan egin da.

Baina bizilaguna ez zegoen amore emateko prest. Kalera irten da haren atzetik, eta batari eta besteari galdetuta, jakin izan du Txurrukeneko autobus geltokian zegoela. Udaltzaingoari deitu eta autobus geltokian elkartu dira.  

Arakatu eta giltzak aurkitu

Han, gazteari gertatutakoaz galdetu diote baina mutilak dena ukatu du, poliziaren esanetan. Orduan, arakatu eta Soraluzeko bizilagunaren etxeko giltzak aurkitu dizkiote. Bizilagun horrek kontatutakoaren arabera, etxeko giltzak eta dokumentazioa auto barrutik lapurtu zizkioten, Arrasaten. Horren ondorioz, etxeko sarraila aldatzea erabaki zuten eta horri esker gazteak ez du lortu etxe barrura sartzerik. 

Ertzaintza ere bertaratu da Txurrukenera eta gaztea atxilotuta eraman dute. Udaltzaingoak esandakoaren arabera, arrasatearra da eta “poliziaren ezaguna”. Orain, gazte arrasatearra Ertzaintzaren kalabozoan izango da harik eta atestatua egin, epaileari bidali eta hark zer egin erabaki arte.