Muskiritzu mendilerroko hainbat lursailetan inguru naturalaren eta biodibertsitatearen hobekuntzarako plana aurkeztu zuten atzo udaletxeko osoko bilkuren aretoan. 10 urtean garatzeko plana da eta Basoainsa enpresak landu du, Udalaren enkarguz.
Udalaren lursailetan
Laburbilduz, plan horretan, Soraluzeko Udalaren jabetzakoak diren 14 lursail aztertu dituzte, mendigaineko 20 hektarea pasa. Iker Aldazabal alkateak gogora ekarri zuenez, Soraluzeko Udala 1999an hasi zen Muskiritzuko lursailak erosten eta lursail horietan eragitea da oraingo planaren helburua, bertako biodibertsitatea berreskuratu eta babesteko.
Basoainsa aholkularitza enpresako Mikel Sarriegi baso-ingeniariak esplikatu zuenez, lehenengo, lursail horien gaur egungo egoeraren diagnostikoa egin dute; ikusteko zein egoeratan dauden hango basoak, larreak eta landareak.
Pinadi izandako lurrak
Sarriegik azaldu zuenez, orain dela 80 bat urte inguru hura guztia larrea zen, baina 70eko hamarkadatik hona, batik bat, arbola exotikoak sartu dituzte, intsignis pinua, izei gorria, Douglas izeia eta alertzea. Gaur egungo egoerari dagokionez, berriz, esan zuen udal jabetzakoak diren lursail bakar batean gelditzen direla mota horretako arbolak, gainontzekoetan botata daude eta.
Jakinarazi zuen, era berean, Muskiritzu mendilerro ingurua, jatorriz, pagadia dela, tarteka, haritz batzurekin osatutako basoa, eta, oraindik orain, badaudela pago handi bakan batzuk hazia ematen dutenak. Gaineratu zuen naturari lagaz gero, zuhaixka gazteak etorriko liratekeela hazi horiei esker, besteak beste. Baina, adibidez, mendian dabilen ganaduak eragotzi egin lezakeela hazkuntza hori.
Eskuhartze mistoa
Hori horrela, esplikatu zuen naturgune bat errekuperatzeko, egin daitezkeela eskuhartze pasiboak (naturari egiten lagatzea, oztopoak kenduz) edo aktuazio aktiboak (landaketak eginez). Soraluzeko mendigainaren kasuan, eskuhartze mistoa egitea gomendatzen dute.
Eskuhartze misto horretan, hiru ekintza nagusi proposatu dituzte; batetik, itxiturak erabiltzea naturak berez berreskuratzeko ahalmena duen inguruak babesteko, haietan ganadua sar ez dadin; hartara, bertako zuhaitzak hazi egingo dira; bestetik, beste zenbait lursailetan itxitura txikiak egitea, larre-guneak mantenduz, mendigainak duen balio paisajistikoa zaintze eta gordetze aldera; eta azkenik, hainbat otadi, txilardegi eta bertan dagoen landaretza mantentzea zenbait puntutan, haiek hegaztien babesgune direlako eta hegaztiek intsektu-plagen kontrola ere egiten dutelako.
50.000 euroko inbertsioa
Jarduera horiek egiteko, 10 urtean 50.0000 euroko inbertsioa egin beharra aurreikusi du Basoainsa enpresak. Eta beste 137.000 euro beharko lirateke Muskiritzuko gainerako lursail pribatuak Udalak eros ditzan.
Iker Aldazabal alkateak esan zuen ahaleginduko direla finantzazio iturriak bilatzen egitasmoa gauzatu ahal izateko, bai natur eremua berreskuratzeko zein lursail berriak erosten joateko, biak ala biak baitira Udalaren helburu.
Adibide modura, jakinarazi zuen 2021. urtea bukatu baino lehen, Gizaburuagan, Askabeitin eta Mandoiturrin, 2.000 zuhaitz autoktono baino gehiago landatuta izango diela eta landaketa horiek egiteko beharrezko finantzazio osoa kanpotik etorri dela, Mandoiturriren kasuan izan ezik; kasu horretan, %50a Shaeffler Iberiak (lehenagoko Rodisak) eta %50a Udalak ordaindu dute.